politika

Garitanok ez du Legebiltzarreko bakerako lantaldean parte hartuko, gonbidatuta ere

Gipuzkoako ahaldun nagusiak Radio Euskadin adierazi du lantalde horrek ez duela herritargoaren gehiengoa ordezkatzen, eta beharrezkotzat jo du alderdi guztien parte hartzea.

2012ko maiatzaren 3a
00:33
Entzun

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak Radio Euskadin goizean eman duen elkarrizketan adierazi du ez lukeela Eusko Legebiltzarreko bakerako eta elkarbizitzarako lantaldean parte hartzeko idatzizko proposamenik bidaliko. "Serioak izan behar gara, guztioi eragiten digun zerbait da". Garitanok esan du gonbidatuko balute, ez litzatekeela joango, ez duelako "herritargoaren gehiengoa ordezkatzen". Jesus Loza elkarbizitza eta memoria sustatzeko arduradunarekin hitz egin duela dio, beti ere "errespetuz".

Garitanok uste du edozein lantaldek ez duela inor baztertu behar, indar politiko guztiak elkartu behar direla, "herri honentzat zer nahi dugun erabakitzeko". "Bazterkeriarekin ez dugu aurrera pausorik emango. Publizitate kanpaina hobeak edo okerragoak izango dira, baina ez dugu aurrera egingo", gaineratu du.

Nazioarteko bideratzaileak Euskal Herrian egotea positibotzat jo du, eta haren arabera, dagoeneko rol garrantzitsua jokatu dute gatazkaren konponbidean. "Laguntzeko borondatea duten guztiak ongietorriak izango dira", esan du.

Presoen inguruan gauzak "serio" egin behar direla eta iraganeko formulek ez dutela balio azpimarratu du. Gaiak 700 presori baino gehiagori eragiten diela ohartarazi du, haien senideak barne.

"Egunero aurrera goaz, Espainiako Gobernuak onartu beharko du gure herria existitzen dela eta bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea duela", adierazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.