Garitanok uste du «oinarri nahikoa» dagoela EAJrekin akordioa lortzeko

Gipuzkoako ahaldun nagusiak dio Bildu prest dagoela sustapen ekonomikoaren gaiari heltzeko

Erredakzioa
2011ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak uste du «oinarri nahikoa» dagoela EAJrekin aurrekontuen inguruko akordioa lortzeko. Garitanok esan du Bildu alderdi guztiekin ari dela negoziatzen baina bereziki jeltzaleekin nahi duela lortu akordioa. Garitanok Info7 irratian esan du EAJk «ardura politikoarekin» jarduten badu Gipuzkoako Aldundian akordioa posible izango dela.

EAJk bi baldintza jarri dizkio Bilduri aurrekontuetan akordioa lortzeko: krisiaren aurkako plana martxan jartzea eta Zubietako errausteplantarekin aurrera jarraitzea. Garitanok aitortu egin du bi gai horiek negoziazioen «korapiloak» direla baina Bildu prest dagoela sustapen ekonomikoarekin zerikusia duen gaiari heltzeko, betiere gizarte ongizatea ez bada albo batera uzten. Errauste plantaren inguruan, ordea, zailagoa ikusten du akordioa lortzea, foru gobernuak «eutsi egingo diolako bere filosofiari» eta mankomunitatearen akordioak errespetatuko dituelako.

Gipuzkoako ahaldun nagusiak akordioa lortzearen garrantzia azpimarratu du, «oso larria eta kaltegarria» litzatekeelako aurtengo aurrekontuak 2012an luzatu behar izatea. Kasu horretan diru gutxiago izango luke foru gobernuak, eta gastu sozialean murrizketak egin beharko lituzke, eta hori, Garitanoren esanetan, ez litzateke «onuragarria» izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.