Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak Kataluniako Prada de Conflenteko Udako Unibertsitatean eginiko adierazpenak «oso larriak» direla dio EAJk, eta «sortu den polemikak azalpena merezi» duela. Horregatik, interpelazioa aurkeztu du Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Era horretan, Garitanok emandako hitzaldiari buruzko «zehaztapenak» eskatuko dizkio EAJk osoko bilkuran.
Bestalde, EAJk adierazi du giza eskubideen «defentsarekiko» eta biktimek «merezi duten errespetuarekiko» jarrera «zalantzagarria» agerian utzi duela ahaldun nagusiak. Hori dela eta, EAJk gaineratu du ez dela «bidezkoa» Garitanok zenbait eskubideren urratzea «salatzea», eta, aldi berean, «gipuzkoar askorentzat mingarriak eta ulertezinak diren adierazpenak egitea».
Hori hala, EAJk esan du Gipuzkoako ahaldun nagusiaren jarrerak ez diola elkarbizitzari «mesederik» egiten, eta «behin betiko bakea» lortzeko «trabak» jartzen dizkiola. Era berean, EAJk azaldu du «kezka» sortu diola udan ETAren biktimei egindako omenaldietara Garitano ez gerturatu izanak.
Instituzioetatik kanpo
Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Kongresuko PPko bozeramaileak esan du Bildu instituzioetatik ateratzeko «edozein neurri» babesteko prest dagoela PP. Era berean, Javier Rojo Espainiako Senatuko presidenteak egin bezala, Garitanoren aurka zentsura mozioa aurkezteko aukeraren inguruan duten jarrera zehazteko eskatu die Saenz de Santamariak PSOEko goi buruzagiei.
Bestalde, Gipuzkoako erakundeak «zentzu komunarekin» gobernatzeko «akordio globala» eskatu die Ernesto Gasco Donostiako Udaleko PSE-EEren bozeramaileak EAJ eta PPri. Izan ere, Garitanoren hitzak «oker bat baino gehiago» izan zirela adierazi du. Horrez gain, PSE-EEko bozeramaileak esan du «gipuzkoarren gehiengoak» ez duela nahi Bildu erakundeetan egoterik.
Garitanoren agerraldia eskatu du EAJk
Jeltzaleen ustez, behin betiko bakea lortzeko «trabak» jartzen ditu ahaldun nagusiaren jarrerak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu