Beste urrats bat egin du Garoñak ixteko bidean. Nuclenor enpresa jabeak zentral nuklearra ixteko dokumentuak aurkeztu dizkio Espainiako Industria Ministerioari.
Prozedura administratibo arrunta jarraituz aurkeztu ditu dokumentu horiek, Nuclenorrek berak adierazi duenez, baina zehaztu du zentrala lamean mantendu nahi duela, eta horretarako baimena eskatuko lukeela, ministerioak bide emango balio.
Zentral nuklearrak uztailaren 6 arte lanean jarraitzeko baimena du. Uztailaren 6an, hilabete eskas barru, itxi, eta desmuntatzeko prozesuari ekin beharko lioke, gaur-gaurkoz egoera administratiboa dagoen moduan.
Zentralaren jabeak eskaera bat egin zion Industria Ministerioari, maiatzaren 16an. Zentral nuklearra joan den abenduan geldiarazi zuten, ministerioak ezarritako zerga berriei aurre egin ezinagatik, jabearen esanetan.
Nuclenorrek ministerioari baimena eskatu zion beste urtebetez zentrala egoera horretan edukitzeko, geldirik alegia. Hartara, etorkizunean baimena berritzeko aukerari eutsiko ziokeen.
Industria Ministerioak CSN Espainiako Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluari eskatu zion aztertzeko ea posible zen urtebeterako baimen hori ematea. CSNk joan den astean eman zion baiezkoa ministerioari.
Hurrengo urratsa ministerioak berak eman behar zuen: iazko agindu bat aldatu eta egokitu behar zuen, Nuclenorrek urtebeterako baimen berezi hori eska zezan. Ministerioak, baina, oraingoz ez du aldatu iazko agindua, eta Nuclenorrek, hortaz, ezin izan du baimena eskatu.
CSNk, bitartean, bere betebehar arruntekin jarraitu du. Garoñak uztailaren 6an itxi behar duenez, arauek eta baimenek gaur egun agintzen dutenari jarraiki, ekainaren 6rako txostena aurkeztu behar zuen CSNk, zehazteko Garoñak zer urrats eman behar dituen uztailaren 6an ixteko.
Astelehen gauean baldintza horiek jasotzen dituzten dokumentuak onartu, eta Industria Ministeriora bidali zituen CSNk, zehaztuz aurreratzean zer egin behar duen Nuclenorrek Garoña ixteko.
Eta Nuclenorrek, prozedura administratibo horri jarraiki, atzo aurkeztu zizkion zentrala ixteko dokumentuak Industria Ministerioari.
BERRIA saiatu da Industria Ministerioarekin harremanetan jartzen, baina ministerioak ez ditu kazetaren galderak erantzun. Ikusteko dago, hortaz, ministerioak atzera egiteko tarte legalik baduen, edo Garoña ixteko urrats erabakigarriak egiten ari den.
Nuclenorrek, behintzat, ez du atea guztiz itxi: "Aukera emango luketen arau aldaketak egingo balituzte, Nuclenorrek aztertuko luke jarduera baimena berritzeko aukera".