Garoñako zentral nuklearraren jabeak jarduteko baimena luzatzeko eskatu ez duenez, ixteko prozedurari ekin beharko dio. Zentralaren inguruan sortutako zalantzak argitu ditu CSN Espainiako Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak gaur. Goizean goizetik bildurik, iluntzean eman du bileran adostutakoaren berri: Nuclenorrek, Garoñako zentralaren jabeak, azaroaren 6rako aurkeztu beharko ditu zentrala ixteko txosten teknikoak.
Hamar hilabete barru itxi beharko du, hortaz, Garoñako zentral nuklearrak, 2013ko uztailaren 6rako. CSNk osoko bilkura egin du gaur, eta Nuclenorri Agindu Tekniko Osagarria dokumentu berria bidaltzea erabaki du. Jarduera behin betiko gelditzeko txostenari buruzko dokumentuak aurkezteko eskatuko dio, horrela, CSNk. Nuclenorrek —Iberdrola eta Endesa dira enpresaren jabeak, erdibana— bi hilabeteko epea izango du, azaroaren 6ra arte, txosten horiek aurkezteko.
CSNk azaldu duenez, eskaera horretaz aparte, Garoñaren segurtasuna ikertuko du datozen hilabeteetan. Jarduera luzatzeko baimenik eskatu ez duenez, zentralaren segurtasun baldintzak zeintzuk diren aztertuko duela zehaztu du.
Espainiako Gobernuak 2013ko uztailaren 6 arte jarduteko baimena eman zion zentralari orain hiru urte. Baina PPren gobernuak 2019 arte lanean jarraitzeko aukera eskaini zion zentralari. Agindua sinatu zuen Jose Manuel Soria ministroak uztail honetan. Agindu hura sinatzearekin batera, Garoñako zentrala ixteko Agindu Tekniko Osagarria baliogabetzea erabaki zuen CSNk.
Baimena eskatzeko epea irailaren 6an bukatu zitzaion Nuclenorri, baina ez zuen baimena eskatu. Beraz, eta Nuclenorri beste epe bat emateko modurik ez dagoela argudiatuta, uztail honetara arte indarrean egon den Agindu Tekniko Osagarria berriro indarrean jartzea erabaki du CSNk.
CSNk argitu du irailaren 6ko epea atzeratzeko eskaera egin ziola Industria Ministerioak joan den abuztuan. Ezinezkoa zela erantzun zion CSNk. Zentral nuklearra 2013ko uztailean itxi beharko balitz, gutxienez urtebete lehenago aurkeztu beharko litzateke ixteko plana, eta dagoeneko epea luzatua zuen CSNk. "Epe hori gehiago murrizteak kalte egingo lioke CSNk egin beharreko azterketaren sakontasunari eta zorroztasunari", esan zuen orduan CSNk.