Auzitegi Nazionalak baieztatu egin du gobernuak Garoñako zentral nuklearra (Burgos) ustiatzen jarraitzeko emandako luzapena eta behin betiko ixteko ezarritako eguna. Zentrala 2013ko ekainaren 6ra arte egongo da martxan.
Magistratuek esan dute zentral nuklear baten ustiapenean luzapena izateko ez dela ingurumenean izango duen eraginaren ebaluaketarik behar, "ez da instalazio berririk egin behar, jadanik daudenak erabiltzen jarraituko baita; horrek ez du esan nahi ingurumen txostenek diotena kontuan hartu behar ez denik".
2013ra arteko luzapenak 11 errekurtso izan ditu. Alde batetik, 2019ra arteko luzapena eskatzen zutenak —zentralaren ustiapenaz arduratzen den Nucleonor enpresa eta Gaztela eta Leongo junta, adibidez—, eta, bestetik, berehala ixteko eskatzen zutenak —Greenpeace, Ekologistak Martxan eta norbanako bat, besteak beste—.