Santa Maria de Garoña zentral nuklearrak (Burgos, Espainia) 41 urte beteko ditu aurten. Datorren otsailetik aurrera Europako zentral zaharrena izango da.Ordea, inoiz baino biziago jarraitzen du haren inguruko eztabaidak. Jose Manuel Soria Espainiako Energia ministroak zentralari buruzko ika-mika berpiztu du. Garoñak jarraitzearen alde egin du.
Espainiako PPk Soriaren adierazpenak berretsi egin ditu, Leopoldo Barreda Espainiako Kongresuko diputatuaren bitartez: «Txostenak bermatuz gero zentralak jarraitu behar duela, jarraitzearen alde egingo dugu». Antonio Basagoiti EAEko PPko buruak irizpide hori berretsi du. Ordea, PP barrutik kontrako iritzi bat ere agertu da: Javier Maroto Gasteizko alkateak nabarmendu du Garoñaren bizitza luzatzea «okerra» litzatekeela. Bilduk iritzi horri Soriaren aurrean eustea galdegin dio, eta udalbatzan Garoña ixteko eskatuko duela aurreratu du.
Gipuzkoa eta Arabako Biltzar Nagusietatik ere Garoñak lanean jarraitzearen aurkako iritziak entzun dira. Mikel Duran PSEko biltzarkideak adierazi du aurretik hartutako erabakietan atzera egitearen aurka dagoela: «Eskatzen dugu aurreko gobernuak hartu zituen erabakiak errespeta ditzala PPkoak». EAJk, berriz, gogorarazi du Arabako biztanleak zentral nuklearraren aurka agertu direla, eta Garoñari buruz hartuko dituen neurriak zehazteko eskatu dio Arabako Aldundiari.
Aralarrek jakinarazi du Burgosko zentral nuklearraren itxierari buruzko eztabaida Eusko Legebiltzarrera eramango duela. Energia nuklearra baztertzeko eskatuko du. «Nuklearrak energia berriztagarrien garapenari traba egiten die», nabarmendu du Dani Maeztu legebiltzarkideak.
Ilusio, etsipen eta zalantza
Soriaren adierazpenak «nahasiak» direla uste du Raquel Monton Espainiako Greenpeaceko energia nuklearreko arduradunak. Indarra erakusteko eratzat hartu du, eta gaur egun Garoñaren ustiapen baimena luzatzea ezinezkoa dela azaldu du; CSNkzentralen segurtasunari buruz egin duen txostenari oniritzia eman behar dio Europako Batasunak. Herrialdeek elkarren datuak aztertu behar dituzte.
Garoñako zentraletik kilometro gutxira, Juan Carlos Ramirez Gaubeako alkateak (Araba) nolabaiteko ezintasunarekin bizi du eztabaida. Esan du istripurik gertatuko balitz lehen kaltetuen artean egongo liratekeen arren ezin dela ezer egin. «Tobalinan lanari eutsi nahi diote, baina hona arazo nuklearra baino ez zaigu iristen»
«Hemen nahiko aspertuta gaude dagoeneko; beti ematen du itxiko dutela, baina azkenean inoiz ez dute ixten». La Roca tabernako zerbitzariak hitz horiekin azaldu du Frias herrian (Burgos, Espainia) dagoen sentimendua. Hain zuzen ere, Tobalinako haran osoan hiru sentimendu uztartzen dira: zentraleko langileen ilusioa, zentralaren aurka daudenen etsipena eta biztanle guztien zalantza, asko hitz egin arren erabaki ofizialik ez dagoelako.
Tobalinako haraneko hiriburuan, Quintana Martin Galindez herrian, inork ez du iritzia eman nahi. «Hedabide asko etorri dira, baina hutsean joan dira; jendeari ez dio merezi hitz egitea», dio La Taberna ostatuko arduradunak.
Garoña, inoiz baino biziago
Alderdi guztiak zentralak lanean jarraitzeaz iritzia ematen ari diren bitartean, zalantzaz bizi dute egoera inguruko biztanleekIrizpide teknikoak lehenestearen aldekoa da PP; Maroto alderdiaren jarreratik aldendu da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu