EAJ kezkatua dago Santa Maria de Garoñako zentral nuklearraren (Burgos, Espainia) itxieragatik kaltea jasango duten Arabako eta Bizkaiko udalerrien egoeragatik. Emilio Olabarria diputatuak emandako datuen arabera, hamalau udalerrik izango dituzte kalte ekonomikoak. «Aurreko gobernuak onartutako biziberritze ekonomikorako planak guztiz baztertu zituen hamalau udalerri horiek, eta ez dugu uste Espainiako Gobernuak plan hori aldatzeko edo berritzeko asmoa duenik. Arretaz jarraituko dugu gertatzen dena, beharrezko neurriak hartzen direla ziurtatzeko», nabarmendu du Olabarria diputatuak.
Eusko Jaurlaritzak hamalau udalerri horien alde ez duela «ezer» egin ere salatu du diputatu jeltzaleak. «Ez dira saiatu ezta biziberritze planaren jarraipen batzordean egoten ere. Horrek erakusten du zein jarrerarekin aurre egin dion arazoari Bernabe Unda Industria sailburuak».
Garoñaren itxieraz hitz egin zuen atzo, hain zuzen, Espainiako Industria ministro Jose Manuel Soriak: «Asko sentitzen dugu jarduera baimena luzatzea eskatu ez izana. Izan ere, Garoñak energia eskaintza osoaren %1,3 sortzen du, eta nuklearraren %6,6. Gure iritzia ez da aldatu. Energia mota guztiek dute lekua eskaintzan».
Garoñaren itxieraren inguruan herritarrei gezurra esateaeta energiaren sektorea «apurtzea» egotzi dio PSOEk Espainiako Gobernuari. Soriaren kudeaketa kritikatu du PSOEko diputatu Luis Tudancak: «Agintean daramatzan zortzi hilabeteetan hankaz gora jarri ditu ikatza eta energia berriztagarriak, eta, orain, zentral nuklear bat itxiko du. Atzera egiten ez badu, egurrarekin funtzionatzen duten berogailuetara itzuli beharko dugu».
Soriak erantzun du aurreko gobernuak 24.000 milioi euroko defizit energetikoa utzi zuela eta hartuko dituzten neurrien xedea horri aurre egitea izango dela. «Eskaintza orekatuago bat lortu nahi dugu, eta defizit gabekoa. Autonomia erkidegoekin adostuko ditugu hartuko ditugun neurriak».
Garoña itxita kalte egingo zaienen alde neurririk ez hartzea egotzi dio EAJk Madrili
Soria ministroak esan du «asko» sentitzen duela Nuclenorrek Garoñaren jarduera luzatzea eskatu ez izana
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu