INGURUMENA

Garoña ixteko asmoa agertu die Iberdrolak sindikatuei, ELAren eta CCOOren arabera

Sindikatuak ohar batean jakinarazi du “arrazoi ekonomikoak” aipatu zizkiela Iberdrolako buruak. Enpresak ez du ezer baieztatu, baina Greenpeacek zabaldu duen aurreko asteko batzarreko bideo batean Galanek aitortzen du denbora kontua dela "hitz magikoa esatea".

Garoñako zentral nuklearraren inguruak. SANTI OTERO, EFE
Garikoitz Goikoetxea.
2016ko apirilaren 11
07:19
Entzun

Garoñako zentral nuklearra (Burgos, Espainia) ixteko aukera mahai gainean eduki dezake Ibedrolak. ELA sindikatuak jakinarazi du aurreko astean bilera egin zutela enpresako arduradunek eta langileen ordezkariek, eta Garoña ixteko asmoa agertu zuela Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidenteak. Endesarekin erdibana du Garoñaren jabetza Iberdrolak. Espainiako CCOOko idazkari Modesto Fernandezek baieztatu egin du ELAk jakinarazi duena. Europa Press albiste agentziari adierazi dio Galanek Garoña ixtearen alde agertu zela "ez delako bideragarria".

Enpresak ez du informazio hori baieztatu. Isilik dago. Baina kontuan hartzekoak dira Sanchez Galanek berak ostiralean Iberdrolako akziodunen batzarrean esandakoak. Greenpeaceko kideek galdera egin zioten Garoña ixteari buruz. Hau erantzun zuen presidenteak: “2012. urtetik ez du funtzionatzen. Denbora kontua da hitz magikoa esatea: itxiko da, ez da itxiko. Baina ez baitu funtzionatzen. 2012tik funtzionatu gabe dago”.

Garoñako zentral nuklearrak jarduna etena dauka 2012ko abenduaz geroztik, baina zabalik jarraitzeko tramitazioak martxan dira. ELAren jakinarazpenaren ondoren, EH Bilduk zuhurtzia eskatu du, arabarrak "egoerarekin aspertuta" daudela azpimarratuz: "Horrelakoak gehiagotan entzun ditugu eta baina arabarron borondatea errespetatzeko, pausuak behar dira eraispenean, egutegi bat behar da". Kike Fernandez de Pinedo EH Bildu Arabako bozeramaileak Garoña Zentral Nuklearraren berehalako eraispenerako egutegia exijitu du, "Garoña behin betiko itxi bakarrik ez, desagerrarazteko". Horregatik, gaur zabaldutako albisteen aurrean "zuhurtzia" eskatu du.

Fernandez de Pinedok Eusko Jaurlaritzari eta Arabako Foru Aldundiari eraistearen jarraipenerako erakundeen arteko batzordea abiatu dezaten eskatu die. "Erkidegoko instituzioek parte hartu behar dute baita Lurralde Historikoko Toki Erakundeek ere". Bereziki, adierazi duenaren arabera, "Garoñako hurbiltasuna dela eta, inplikaturik dauden Kontzeju, Udal eta Kuadrillek". Gainera, Batzordearen osaketan, gizarte eta ingurumen talde zein sindikatu eta ekonomiaren eragileek parte hartu behar dutela gaineratu du Fernandez de Pinedok.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.