Energia nuklearra

Garoña ixteko «ordua» iritsi dela esan dute kalean

Jendetsua izan da oso Araba Garoñarik Gabe plataformak zentral nuklearra ixteko Gasteizen deitutako manifestazioa«Herritarren borondatea enpresa pribatuen interesen gainetik jartzeko» eskatu dute

Garoñako zentral nuklearra berehala ixteko eskatu zuten Gasteizko kaleetan. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
edurne begiristain
Gasteiz
2011ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Energia nuklearrari buruzko eztabaida pil-pilean dagoen honetan, Euskal Herrian berriro ere milaka lagunek Santa Maria de Garoñako zentral nuklearra (Burgos, Espainia) «berehala eta behin betiko ixteko» eskatu dute. Araba Garoñarik Gabe plataformak deituta, manifestazio jendetsua egin zuten atzo arratsaldean Gasteizen. «Garoña ixteko ordua iritsi da», adierazi zuen plataformako kide Alberto Friasek manifestazioan.

Fukushimako zentral nuklearrarekin izandako ezbeharra etxetik gertu ere gerta daitekeela ohartarazi zuen Friasek. Hura bezala, Burgoskoa ere lehen belaunaldikoa da, zaharkituta dago,eta funtzionamendu arazoak ditu. Hemen lurrikararik gertatuko ez bada ere, zentralera argindarra heltzea galaraz dezaketen bestelako ezbeharrak gerta daitezkeela nabarmendu zuen Friasek, bereziki, Garoñakoa urpean gera daitekeen toki batean dagoelako. Hala, herritarren «segurtasuna» Iberdrola eta Endesa enpresen etekin ekonomikoen gainetik jartzeko eskatu zuen: «Bada garaia herriaren borondatea enpresa pribatuen interesen gainetik jartzeko».

Japoniako hondamendiaren ostean, energia nuklearrari buruzko eztabaida gaindituta dagoela nabarmendu zuen, ustez teknologia aurreratuena zuten herrialdeetan huts egin baitu energia horrek. Garoñako zentrala ez dela behar eta itxita beharko lukeela aldarrikatzera kalera ateratako lagunen ahotsa entzuteko dei egin zion Friasek Espainiako Gobernuari. Eta nabarmendu zuen herritarrek ez diotela sinesten Espainiako Gobernuari esaten duenean Garoña 2013an itxiko duela, maiz emandako hitza ez duelako bete: «Ez gara gobernuaz fio. Ez ditugu hitz gehiago nahi. Hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia da».

Gasteizko karrikak lepo bete zituzten milaka lagunei energia nuklearrak ezinegona eta kezka sortzen diela agerian geratu zen atzoko mobilizazioan. Herriaren hitza errespetatzeko eta Garoña ixteko eskatzen zuen pankartaren atzean bildu ziren milaka pertsona. Araba Garoñarik Gabeplataformako kideak aurrean zirela, Andre Mari Zuriaren plazatik abiatu zen manifestazioa, arratsaldeko zazpietan. Zentral nuklearren aurkako oihuekin hasi eta amaitu zuten manifestariek ibilbidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.