Garoña, legez kanpo

Nuclenorrek ez du eskatu Garoñaren jarduna 2019ra arte luzatzeko, ezta ixteko asmoa Espainiako Gobernuari jakinarazi ereUrtebete lehenago azaldu behar da ixteko asmoa, eta jada epez kanpo dago enpresa

jon olano
2012ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Hasi da atzerako kontua. Hamar hilabete barru, giltzarrapoa bota beharko diote Santa Maria de Garoñako zentral nuklearrari (Espainia). Hala beharko luke behintzat, Espainiako Gobernuak CSN Segurtasun Nuklearrerako Batzordearen iritzia aintzat hartzen badu. Nuclenorrek, zentrala kudeatzeko ardura duen enpresak, denbora gehiago galdegin du zentralaren jarduna luzatzeko erabakia hartzeko; horren aurka egin du CSNk. Oraingoz, batzordeari egin dio kasu gobernuak, baina zabalik jarraitzen du enpresari erabakitzeko epea luzatzeko aukerak. Jarduna sei urtez luzatzeko aukera eman zion Espainiako Gobernuak Nuclenorri, baina enpresak ez du hori baliatu. Hortaz, 2013ko uztailaren 6an lanean aritzeari utzi beharko lioke zentralak. Ministerioa legeak aztertzen ari da, edonola ere.

Eskaririk ez, baina ixteko jakinarazpenik ere ez du egin enpresak. Horrenbestez, Instalazio Nuklear eta Erradiaktiboen Espainiako araudia urratzen ari da Nuclenor, gaur-gaurkoz. 28. artikuluak zehazten duenez, zentral baten kudeatzaileak urtebeteko aurrerapenarekin ezagutarazi behar dio Espainiako Industria Ministerioari jarduna eteteko erabakia. Luzatzea ez galdeginda, PSOEren gobernuak ezarritako datan itxi beharko dute Garoña, baina horren gaineko azalpenik ere ez du eman Nuclenorrek.

Aurtengo uztailaren 6a baino lehen egin behar zuen Nuclenorrek —Iberdrolak eta Endesak dute enpresaren jabegoa, erdibana— Garoñako zentrala 2019. urtera arte lanean mantentzeko eskaria, baina bi hilabeteko luzapena eman zion Espainiako Industria, Energia eta Turismo Ministerioak eskaera hori egiteko. Atzo gauerdian amaitu zitzaion epea Nuclenorri, eta ez zuen halakorik galdegin.

Enpresak ohar bat plazaratu zuen, ordea, herenegun gauean: energia sortzearen inguruan Espainiako Gobernuak ezartzekoak dituen baldintza berriek —energia nuklearrari zerga bat jartzeko aukera, nagusiki— «ziurgabetasuna» sortzen diote enpresari, eta, hortaz, «ez dago luzatzeko eskatzeko moduan». Datu bat oroitarazi zuen enpresak, ziurgabetasun horren adierazle gisara: 120 milioi euroko inbertsioa egin beharko luke Garoñako zentralak, martxan jarraitu ahal izateko.

Ziurgabetasun hori argitze aldera, jarduna 2019ra arte luzatzea galdegiteko epea berriro ere atzeratzeko eskatu zion Nuclenorrek ministerioari abuztuaren 14an. Ezetz erantzun zion, CSNren txosten batean oinarrituta. Ondokoa argudiatu zuen CSNk: tankera horretako eskari bat aztertzeko urtebete behar duela eta ordurako denbora hori murriztu ziotela, epea irailaren 6ra atzeratuta. Eskeari erantzuteko tartea gehiago murriztuta azterketaren «zorroztasunari» kalte egingo liokeela azaldu du CSNk.

Batzordeak beharrezkotzat jo du urtebeteko tarte hori, ikuskaritza eta ebaluaketa lanak zehaztasunez egiteko. Beraz, CSNk aitortu du, zeharka bada ere, beharrezkoa duen epea baino denbora gutxiago igaroko zuela lan horiek egiten. Abuztuaren 31n jakinarazi zion iritzi hori CSNk Espainiako Gobernuari. Juan Manuel Soria Espainiako Industria ministroak CSNren txostena izan zuen hizpide herenegun Kongresuan eginiko agerraldian, epea atzeratzea zer dela-eta ez duten onartu azaltzeko: «Horren aurkako txosten bat egin du CSNk, eta, jakina, gobernua ez da ez nuklearren aldekoa ezta kontrakoa ere».

Enpresak, ordea, ez dio atea erabat itxi Garoñako zentrala 2019ra arte zabalik edukitzeari. Zentralaren bideragarritasun ekonomikoaren gaineko zalantzak argituz gero eskaria egiteko prest legokeela erantsi zuen herenegungo oharrean.

Pitzadurak gobernuan

Oro har energia ekoizteari eta, zehazki, nuklearrari tasa bat ezartzeko asmoak pitzadurak sortu ditu Espainiako Gobernuan, Juan Manuel Soriaren eta Ogasun ministro Cristobal Montororen artean. Industria Ministerioa erreforma bat prestatzen ari da energiaren alorrean, eta, adibidez, zerga gehiago ezarri nahi dizkie energia iturri berriztagarriei. Horren aurka egin du Montorok.

Nolanahi ere, Soriak zuzentzen duen ministerioak, egiten ari den erreformaren bidez, energia nuklearrari eta, batez ere, hondakin nuklearrei zerga bat jartzeko asmoa du. Erreformaren xehetasunak ezagutzeko nahia azaldu du Nuclenorrek, Garoñako zentrala beste sei urtez kudeatzeko eskaera aurkeztu ala ez erabakitzeko.

Nuclenorren jokabidea energia mota horri tasarik ez ezartzeko estrategiarekin lotu du, besteak beste, Araba Garoñarik Gabe plataformako kide Alberto Friasek. Bestalde, zentral nuklearrararen jarduerari zergarik jartzeko asmorik ez duela ziurtatu du Gaztela eta Leongo Gobernuak. Erkidego horretako gobernuaren bozeramaile Jose Antonio de Santiago-Juarezek ziurtatu du Gaztela eta Leongo Gobernuak ez duela Nuclenorren aldetik presiorik jaso, eta «legeak ahalbidetzen badu», enpresari eskaria egiteko epea luzatzearen alde agertu da.

Kezkatuta agertu dira zentraleko beharginak. Jabeek zentralaren jarduna 2019ra arte luzatzea galdegin ez dutelako «harridura» adierazi du Langile Batzordeak, eta gaineratu du «ahal duen guztia» egingo duela langileen interesak defendatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.