Francisco Castejon fisikari nuklearraren eta Espainiako Ecologistas en Accion taldeko eledunaren ustez, argigarria da Doelen (Belgika) zentral nuklearrean gertatutakoa. «Inork ez zuen pentsatuko halako zerbait gertatu behar zuenik aparteko kontrol sistema duen herrialde garatu bateko erreaktore nuklear batean, baina gertatu da». Belgikako zentraleko hirugarren erreaktorearen ontzian milaka pitzadura atzeman zituzten, eta abuztutik behin-behinean itxita egon da. Erreaktorea azarora arte geldirik egongo da. Pitzatutako ontziaren jatorrizko arazoak lantegitik datozela ondorioztatu dute; ontzia egin zuen Herbehereetako enpresak munduko beste herrialde batzuetan dauden ontziak ere egin zituen, Garoñakoa (Espainia) eta Cofrendeskoa (Herrialde Katalanak) kasu.
Zein da Doelgo zentraleko erreaktorean aurkitutako arazoa?
Zentral nuklear bateko ontzia egiten denean, altzairu berezi bat erabili behar da. Korrosioari aurre egiteko erabiltzen da metal hori. Altzairu mota horretako xaflak elkarren artean soldatzen dira, baina soldatuta dauden leku horietan daude ontziaren ahulgune nagusiak. Soldatzean tenperatura aldaketak gertatzen dira, eta altzairuaren egitura aldatzen duen tentsioa gertatzen da. Horrek akatsak eragin ditzake materialean; akatsak badaude, korrosioak gehiago eragingo du puntu horietan.
Kasu honetan, nola agertu dira korrosioak egindako pitzadura horiek?
Akats horien eragina urritzeko, kalitate kontrol zorrotzak egiten dira: soldatutako lekuaren tenperatura zaindu, altzairuarena, tentsioa... Horiek enpresen lan egiteko eraren prozedura orokorrak dira. Doel 3 erreaktorean akatsak agertu izanak erakusten du enpresa horrek ez zituela kontrolak ondo egiten. Kontrol txar horiek beste zentral batzuetako erreaktoreen ontzietan ere egin direla pentsa liteke.
Garoñako beste leku batzuetan ere korrosioa dago, ontzia egin zuen enpresa horrekin zerikusirik ez duten lekuetan. Zerikusirik ba al du?
Arazo hori Garoñako zentralak dituen arazoei gehitu zaie. Garoñak lehen zirkuituan korrosio arazo larriak ditu. Erreaktorearen ontziaren barruko upeltxoan pitzadurak daude, eta CSNk 2000. urtean hori konpontzeko neurriak hartzera behartu zuen jabea. Kontrol barren tutuetan ere pitzadurak aurkitu dituzte. Ez dago argi akats horiek zerikusia duten fabrikazio arazoekin; baina agerikoa da: akats gehiago agertzeko arriskua areagotzen du.
CSNk bi argudio eman zituen Belgikakoaren eta Garoñaren arteko parekotasunak saihesteko: ontziak garai ezberdinetan egin, eta ontzi horiek presio ezberdina jasaten dutela.
Garoñako eta Doel 3ko erreaktoreen sistemak ezberdinak dira, baina horrek ez du esan nahi ontzia segurua dela ziurta daitekeenik. Kontrakoa esango nuke. Doel 3n agertu diren akatsak kalitate kontrolen erruz izan badira, arraroa litzateke kontrol horiek garaiaren arabera aldatzea. Pitzaduren arazoa da ezin dela jakin noiz agertuko diren.
Zeren araberakoa da?
Zoriarekin zerikusia du. Xaflak soldatzean jasandako tenperaturak eragiten du, nola soldatu den, nola hoztu, nola kendu duten tentsioa... Kontu horiek ezagututa ere, zaila litzateke esatea noiz ager daitezkeen pitzadurak. Baina arrazoizkoa da Garoñako ontziaren segurtasuna zalantzan jartzea, ez bakarrik korrosioagatik, baita arazo berri honengatik ere.
Horrelako azpiegituretan korrosioa zerbait «naturala» dela esan duzu noizbait, denbora eta erabilerak hori ekartzen dutelako. Garoñak 40 urte baino gehiago ditu...
Materialak ezaugarri berezi batzuen ondorioz aldatzen dira: soldadura, materialaren akats naturalak... Akats horiek mikroskopikoak izan daitezke, baina etengabeko erasoa jasotzen dute, hozteko likidoarengatik eta erradioaktibitatearengatik kasu. Denboraren poderioz akatsak handitu litezke eta pitzadura handiak sortu, Garoñan bezala alde batetik bestera heltzen direnak.
Eta kasu horretan zer egin daiteke?
Frogatuta dago Garoñako ontziak arazo horiek dituela; CSN horretaz jabetzen denean, zentrala itxi beharko du. Pentsaezina da ontzi bat aldatzea; zentral berri bat egitearen modukoa litzateke.
Zergatik ez dira jabetu horretaz?
Energia nuklearrak 60 urte baino gehiago ditu, baina gaztea da. Oraindik ez ditu konpondu eragin ditzakeen arazo larriak, eta energia horrekin tematzen ari dira, arriskua behin eta berriz agerian gelditu arren. Azken kasua aski ezaguna da: Fukushima. Hango erreaktorea Garoñakoaren modukoa zela gogorarazi behar da. Areago: seguruagoa zen, Japoniako ontziaren segurtasuna ez baitzegoen ezbaian; Garoñakoa, bai.
Doel 3ko arazoak ohiko azterketa batean ikusi zituzten, Europak agindutako estres testak gainditu ondoren. Zergatik da hori?
Doel 3k, Garoñak eta Cofrendesek arazorik gabe gainditu zituzten estres testak. Sarritan salatu ditugu testak, zentraletako jabeen informazioan oinarrituta daudelako. Doel 3ko jabearen txostenak dio erreaktorearen ontziaren altzairua eta egitura seguruak direla; denborak erakutsi du ez dela hala. Ontzia egin zuen enpresak hutsak egin zituen, baina hori ez da aintzat hartzen estres testetan. Ez da gertatu den lehen aldia.
Ez da lehen aldia?
Ascon [Herrialde Katalanak], zentraleko elementu batek ainguratuta egon behar zuen, lurrikarei aurre egiteko, baina ez zegoen. Halere, estres testak gainditu zituen, ofizialki elementu hori ainguratuta egoteko prestatuta zegoelako. Gauza bat da paperean dagoena, eta bestea, errealitatea. Balio al dute proba horiek?
Belgikako Segurtasun Nuklearreko Agentziaren jokabidea kritikatu dute hainbatek, irakurketa asaldagarriak egiteagatik; Herbehereetako lantegian egindako ontziak zituzten zentralak gelditzea proposatu zuen, Doel 3ko pitzadurak berretsiz gero.
Segurtasun agentzia batek bi gauza egin ditzake erreaktorearen ontzian korrosio arazo bat aurkitzean: zentzuduna izan eta behin-behinean gelditu, edo Garoñarekin egiten ari direna egin.
Zer egiten ari dira, bada?
Erregaia berritzen duten bakoitzean azterketak egiten dizkiote. Ondorioz, erradioaktibitate dosi handiak igortzen zaizkie lan horiek egiten dituztenei. Pitzadurak korrosioaren ondorioz handitzen dira, eta azterketa batean atzemandako pitzadura bat handitu daiteke bi azterketaren artean. Onena arriskuak saihestea da.
Zentralaren jarraipena mahai gainean dago une honetan.
Jarraipena aztertzerakoan ez lirateke baztertu behar Belgikatik heldu diren albiste horiek. Osagarri hori gabe ere, zentrala ixteko arrazoiak bazeuden, eta azken albisteek hori berretsi dute.
Zentralari eustea bideragarria al da diru aldetik? Espainiako Gobernuak esan du energia nuklearrari tasa bat jarriko diola eta zentralean 100 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egin beharko dutela...
Energia ekoizteko ematen duen dirua baino zazpi edo zortzi aldiz garestiago saltzen ari da Garoñako argindarra. Hortaz, Ebrora botatzen duen ura hozteko dorre bat egin beharko balu ere errentagarria litzatekeela uste dut. CSNk presioa benetan egiten ez badu mantenduko dutela uste dut.
Francisco Castejon. Fisikari nuklearra
«Garoñako ontziaren segurtasuna zalantzan jartzea arrazoizkoa da»
Doel 3 Belgikako erreaktore nuklearrean atzemandako akatsak Garoñakoak ere izan ditzakeela uste du Francisco Castejon fisikariak, enpresaren kalitate kontrolekin zerikusia dutelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu