Garoñaren bizia luzatzeko bidea hasi du Madrilek

Espainiako Gobernuak 2019ra arte izan nahi du irekita zentral nuklearra; dekretua aldatuko du, «egokiera» dagoelakoan

Erredakzioa
Gasteiz
2012ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Bidea hasi du Espainiako Gobernuak: Garoñako zentral nuklearra (Burgos, Espainia) zabalik izan nahi du 2019ra arte, horretarako «egokiera» badagoela iritzita. Gobernuak PSOEren agintaldian emandako araua indargabetu egingo du PPk; beste dekretu bat prestatzen ari da, eta zirriborroa dagoeneko eman die zentral nuklearrarekin zerikusia dutenei. Krisia aipatu du gobernuak zentralaren bizia luzatzeko: «Egungo egoera ekonomikoan, eta kontuan izanda Espainia dela energia mendekotasun handiena duen estatuetako bat, ezin da erabili gabe utzi eskura dagoen energia iturririk». Alegiazioak jartzeko, hamar eguneko epea eman du Jose Manuel Soria Espainiako Industria ministroak.

Garoñako zentral nuklearra ixteko asmorik ez daukala, gobernuan sartu orduko iragarri zuen PPk, eta horretarako beharrezko urratsak egiten ari da, enpresarekin batera. CSN Espainiako Segurtasun Nuklearreko Kontseiluari iritzia eskatu zioten lehenik, bideragarri ote den zentrala 2019ra arte zabalik izatea; baietz esan zuen hark, eta Espainiako Gobernuak eman du pausoa orain, dekretua aldatzeko prozesua hasita. PSOEren gobernuak 2013ko uztailean ixtekoa zuen Garoña. 46 urte beteko ditu 2019an.

Dekretua aldatzeko erabakia gustura hartu du zentralaren jabeak, Nuclenor enpresak. Nolanahi ere, Madrilgo gobernua estutzen jarraitu du, nabarmenduz ez dela izan «esperotako» notizia: 2013an ixteko erabakia behin betiko atzera bota arte eta aurrera jarraitzeko baldintzak zein diren jakin arte enpresak ez du hartuko «jarrera zehatzik».

Alegazioak Greenpeacek

Behin betiko erabakia hartu aurretik alegazioak aurkezteko epea zabaldu behar du gobernuak, eta Greenpeacek iragarri du jarriko dituela. Batetik, zentral nuklearrak dituen arriskuak hartuko ditu hizpide: Garoñan «arazo teknikoak eta segurtasunezkoak pilatzen» ari direla ohartaraziko du, eta ixteko erabakia baliagarria dela esan. Bestetik, ezgaitasunak jarriko ditu mahai gainean: Garoñako zentralak apenas sortzen duela argindarrik —Espainiako produkzioaren %0,3—, uranioa inportatu beharra daukala energia sortzeko, eta zentrala itxita oraingoak baino lanpostu gehiago sortuko liratekeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.