Garoñaren kontrako ekintzak iragarri dituzte

Bihar manifestazio bat egingo dute zentrala itxi dezaten eskatzeko; jarrera «aktiboagoa» eskatu diote Marotori

Jon Rejado.
Gasteiz
2012ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Santa Maria de Garoñako zentral nuklearraren (Burgos, Espainia) ustiapen baimena 2019ra arte luzatzeko arriskua dagoela eta, zentralaren kontrako ekintzak egingo ditu berriro Araba Garoñarik Gabe plataformak. Arabako 60 eragile baino gehiago biltzen dituen plataforma horrek elkarretaratzea egingo du bihar, Jose Manuel Soria Espainiako Energia ministroaren adierazpenen inguruan gogoeta egin ondoren. Kontzentrazioa 12:30ean izango da, Arabako Foru Aldundiaren aurrean.Garoña itxi orain; PP, 40 urterekin nahikoa da aukeratu dute lelo gisa. Etorkizunerako ekintza gehiago iragarri, eta instituzioetara edota auzitara jotzeko aukera ere aztertzen ari dira.

Garoñaren jarraipenari buruzko eztabaida berriz hasteko Soriak erabilitako argudioak «ez dira errealak», Alberto Frias plataformako bozeramailearen iritziz. Garoña itxiz gero argindarra garestitzeko arriskurik ez dagoela nabarmendu du Friasek, eta zentrala ustiatzen duen enpresaren interes ekonomikoengatik baino ez dela mantentzen zabalduta. Hain zuzen ere, Nuclenorrek jakinarazi zuen zentrala 2013an itxiz gero 951 milioi euro irabazi gabe geldituko litzatekeela. Ordea, hondakin nuklearrak kudeatzeko diru publikoa erabiltzen dela azaldu du Friasek.

Garoña «badaezpadako» baldintzetan lanean ari dela gogorarazi du Friasek. CSN Espainiako Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak «zaharberritze handiak» egiteko eskatu zion Nuclenorri 2009an, zentralaren ustiapen baimena 2019ra arte luzatzeko: kable sarea aldatzeko, esaterako. Dena den, zentrala 2013an ixteko erabakia jakinarazi zienean, lan horiek ez zituzten egin. Hortaz, 2019ra arteko jarraipena onartuz gero «zaharberritze handi» horiek egin gabe egongo dira, eta horrek zentral nuklearraren segurtasunaren inguruan zalantzak areagotzen dituela uste du Friasek.

Hiriburu berdeari lotu

Gizarte eragileek mobilizazioak iragarri dituzte, eta Bilduk eta EAJk Garoñaren aurkako hainbat ekitaldi aurkeztu dituzte Gasteizko Udalean. Horien artean, Gasteiz Europako Hiriburu Berdea dela-eta udal eraikinetan jarriko dituzten apaingarrietan euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez idatzita Garoña 2013an itxi! leloa jartzeko eskatu dute. Horrez gain, lelo hori bera duen kartel bat udaletxeko balkoian jartzeko eskatu diote udal gobernuari, baita Gasteizen hasi eta Garoñan bukatuko litzatekeen martxa bat antolatzea ere.

Garoñako zentralaren ustiapen baimena luzatzeak milaka herritarren osasuna arriskuan jartzen duela uste dute Bilduk eta EAJk. Hiriaren iritzia agerian uzteko jarrera «aktiboagoa» eskatu diote Javier Maroto alkateari. Jose Manuel Soria Espainiako Energia ministroarekin bildu eta Marotok herritarren iritzia helaraztea nahi dute. Energia nuklearraren arriskuez ohartarazteko jardunaldi batzuk egin ditzala proposatu diote udalari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.