Garraio sektoreari ere eragingo diote Espainiako Gobernuak ezarritako neurriek. Hala adierazi zuen LAB sindikatuak atzo emandako prentsaurreko batean. Azken erreformekin pribatizazioak eta liberalizazioak bultzatu ditu gobernuak, eta LABek salatu du herritarrei emango zaien zerbitzua «kaskartu» egingo dela, eta beharginen lan baldintzak, «okertu». LABek uste du Hegoaldeko erakundeen esku geratu behar luketela garraio eskumenek.
Trenbide sistema arautzeko lege dekretua onartu zuen uztailaren 20an Espainiako Gobernuak: 2013ko uztailean lehia librera aterako dute trenbide garraioa. Gainera, FEVE enpresa publikoa ezabatu egingo dute; hango langileak Renfera eta Adifera pasatuko dira. Horren aurka, trenbide garraioko hiru enpresotako langileek lanuztea dute bihar. Gutxieneko zerbitzuetan, trenen %60k ibili beharko dute aldirikoetan; ibilbide luzeagokoetan, %75ek.
LABen arabera, ordea, trenbide sarea ez ezik, aireportuen kudeaketa eta itsas portuena ere pribatizatzeko asmoa du Madrilgo gobernuak. Xabier Ugartemendia sindikatuko zerbitzu pribatuetako federazioko arduradunak salatu du kaltea ekarriko duela azpiegitura publikoak esku pribatuetan uzteak. «Gure herrian aberastasuna sortzen duten zerbitzu estrategikoak negozio pribatu bihurtu nahi dituzte». Hegoaldeko herritarrentzat zerbitzu horiek beharrezkoak direla nabarmendu du. LABek, gainera, erakundeen jarrera deitoratu du: «beharrezkoak ez diren proiektuetara» dirua «eskuka botatzen» aritzea leporatu die —abiadura handiko trena eta Pasaiako kanpoko portua aipatu dituzte bereziki—, eta, aldi berean, zerbitzu publikoak «ezabatu» nahian aritzea.
Madrilek zerbitzu publikoetan murrizketak «inposatu» nahi dituela salatu du Ugartemendiak, eta «irtenbidea» Euskal Herritik ematera deitu du. Irailaren 26ko greba orokorrean parte hartzeko eskatu du, «murrizketen kontra eta bide propioa egitearen alde».
«Kudeaketa kaskarra»
Eskumenak eskatu ditu LABek, Hegoaldeko erakundeen esku egon behar dutela garraio zerbitzuek. Ordea, haren esanetan, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua «kudeaketa kaskarra» ari dira egiten alor horretan, ez baitituzte eskatu eskumen horiek. Alderdi politikoei dei egin die sindikatuak, ez dezaten bat egin garraioen liberalizazioarekin.
Langileen egoeraz ohartarazi du sindikatuak, bidenabar. Forondako aireportuko (Araba) egoera ekarri du gogora: langileen %87 kanporatzeko asmoa daukate, eta protestan dira haiek.LABek ezinbestekotzat jo du trenbideetako, aireportuetako eta itsas portuetako beharginen lan baldintzei buruzko erabakietan «gardentasuna, kontsulta eta parte hartze irmoa» izatea.
Garraio publikoa pribatizatzea salatu du LABek
Espainiako Gobernuaren liberalizazio neurrien aurka dago, eta uste du eskumenak Hegoaldera pasatu behar direla
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu