Gertuago dago Araba, Bizkai edo Gipuzkoako garraio publiko guztiak ordaintzeko txartel bakarra erabiltzeko aukera. Eusko Legebiltzarrak plan bat egiteko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, EAEn erabili ahal izango den txartela ezartzeko. Plan hori datorren urtean aurkeztu beharko duela erabaki dute Legebiltzarreko talde guztiek, legez besteko proposamen bat aho batez onartuta.
Eusko Jaurlaritzak datozen hilabeteetan prestatuko duen plan horretan, EAErako ordainketa txartela ezartzeko epeak zehaztu beharko ditu, Legebiltzarraren eskariz. Indarrean jartzeko beharko den aurrekontua ere zehaztu beharko du, baita probintzietako garraioen salneurria bateratzeko aukera ere.
Horrez gain, Legebiltzarrak eskaera egin dio Jaurlaritzari azter dezala txartel hori erabiltzeko aukera Nafarroara edo ondoan dauden Espainiako probintzietara egindako bidaietan ere. Horrez gain, plan hori garraio publikoetan eskumena duten administrazioekin adosteko eskatu dio.
2002tik proposatua
Osoko bilkuran onartutako legez besteko proposamena Aralarren ekimen baten ondorioz onartu zen atzo. Aralarren jatorrizko testuari zuzenketak aurkeztu zizkioten talde gehienek, eta, azkenean, aho batez onartu zuten. Ordea, proposamena onartu arren, duela zortzi urte ekimen bertsua izan zela gogorarazi du Dani Maeztuk, Aralarreko legebiltzarkideak. 2002ko Garraio Plan Zuzendariak txartel bakarra garatu behar zuen arren, ez zen aurrera eraman proposamen hori.
Garraio publikoaren erabilera erraztea da txartel horren helburua, legebiltzar talde guztiek onartu dutenez. «Tarifa politika integral bat aplikatzea ahalbidetzen duen euskarria da, eta kostuetan hobekuntza ekonomikoa ekarriko du», gogorarazi du Maeztuk.
Helburua ona den arren, ordainketa txartel bat orokortzeak «arazo teknologikoak» ekarriko dituela oroitarazi du EAJko legebiltzarkide Maribel Vaquerok, eta enpresekin salneurriak adostea ere zaila dela nabarmendu du. Txarli Prieto PSEko legebiltzarkideak gaineratu du bide bat izan daitekeela «horrenbeste balio duten» garraio publikoak amortizatzeko, eta garraio publikoaren erabilerarekin batera ingurumen kaltea ere murriztuko dela.
Legebiltzarraren eskaera zaila dela onartu dute talde gehienek, administrazioen eskumenetan sartzen delako. Zailtasun horiek nabarmendu ditu PPk. EBko Mikel Aranak eskatu du txartela erabiltzeagatik izango den beherapena garraio guztietan bera izatea.
Garraio publikorako txartel bakarra lantzeko eskatu dio Legebiltzarrak Jaurlaritzari
2011. urtean txartela ezartzeko plana izan beharko du Jaurlaritzak, osoko bilkurak aho batez onartu duenez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu