Zer moduz doa sinadura kanpaina?
Nahiko genuke abiadura handiagoa izatea, baina badoa aurrera, eta, oraingoz, bost mila sinadura inguru ditugu. Pasa den asteburu aurretik 4.700 genituen, eta aste bukaeran bildu ditugu beste batzuk.
Gutxienez, ia 8.000 lortu behar dituzue kontsulta deitzeko. Zeuok jarritako zifra da.
Uste dugu lortuko ditugula. Bost milan gabiltza, baina eragileei orriak banatuak dizkiegu eurek kideen artean-eta biltzeko. Haiei emandakoekin, 8.000ko langa pasatuko genuke. Emakumeen Txokoari, EAJri, EH Bilduri, Sorturi, ELAri, LABi edota gaztetxe batzuei banatu genizkien orriak, baita kuadrila batzuei ere. Hilaren bukaeran jasoko ditugu.
Abenduaren 30ean ekin zenioten kanpainari. Martxo bukaera arteko epea duzue. Zer ekitaldi berezi egingo dituzue asteotan sustapen modura?
Auzoetan astebururo mahaiak jartzen ditugu, eta honi guztiari beste bultzada bat emateko datorren larunbatean ekitaldi bat baliatuko dugu: Gure Esku Dago-ren ekainaren 10eko giza katearen Donostiako aurkezpena. 19:00etan izango da, Bulebarrean. Kontsultaren alde oraindik sinatu ez duten donostiarrak animatu nahi ditugu.
Abiadura handiagoa izatea nahiko zenuketela esan duzu. Zailtasunak al dituzue?
Hiriburu bat da Donostia, eta jendearengana iristea beste udalerrietakoa baino lan nekezagoa da. Bestetik, oraindik ere azaldu beharra dago zergatik egin nahi den kontsulta bat. Kostatu egiten da jendearengana iristea. Kanpainako hiru aste falta zaizkigu, eta lagundu nahi duenak ateak zabalik ditu.
Sinadurak lortuz gero, noiz jakinaraziko duzue galdeketaren eguna?
Baliteke hil honen bukaeran iragartzea, ekitaldi batean. Apirilean eta maiatzean galdera adosteko prozesu bat egingo genuke, eta kontsulta, udazkenean.
Donostia litzateke lehen euskal hiriburua.
Apustua da, baina ezin diogu uko egin. Badu garrantzia halako galdeketa hiriburu batean egiteak. Gainera, Gipuzkoan bost udalerri falta dira galdeketa egiteko, eta bat gurea da [besteak: Irun –azaroaren 18an izango da, aurrez firmak lortuz gero–, Hondarribia, Urnieta eta Aia].