Sebastien Castets. Euskal Konfederazioko idazkaria

«Garrantzitsua da jende anitz etortzea, Parisi presioa egiteko»

Euskal Konfederazioak eta Kontseiluak milaka herritar espero dituzte larunbatean Baionako karriketan, Deiadarraren karietara.

BERRIA.
Aitor Renteria.
Baiona
2012ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Euskal Konfederazioarekin eta Kontseiluarekin batera, euskalgintzako herri mugimenduetako ordezkariek Deiadar manifestaziorako deia berretsi dute Baionan. Larunbat arratsaldeko bostetan abiatuko da Xaho kaiko plazatik, eta bertan bururatuko da. Ipar Euskal Herrian ez ezik, hainbat manifestazio eta ekimen eginen dira Frantziaren ezagutza ez duten lurraldeetan, bertako hizkuntzen sostenguz.

Seigarren Deiadarra eginen da larunbatean. Zer lortu nahi duzue oraingoan?

Hainbat urrats egin behar dituela gogorarazi nahi diogu Frantziari. Europako hizkuntza gutxituen ituna berresteko eskatzen diogu, baita hizkuntza legea bozkatzea eta indarrean ezartzeko ere. Hizkuntza lege horrek finkatu beharko ditu hiztunok ditugun eskubideak eta eragile bakoitzaren, bereziki botere publikoen, betebeharrak. Horrekin batera,euskarari ofizialtasuna onartzeko eskatzen dugu.

Preseski, Frantziaren administrazioaren menpe diren hainbat lurraldetan eginen dira mobilizazioak, eta ofizialtasunaren aldarria da hemengo berezitasuna...

Korsikan eta Ipar Euskal Herrian gure hizkuntzen ofizialtasuna aldarrikatzen dugu. Bertze herrialde batzuetan ez bezala, guk badugu hizkuntza politika kudeatzen duen erakunde publiko bat. Borondate hutsean oinarritzen den hizkuntza politika hankamotz gelditzen da ofizialtasun aitortzarik gabe. Euskaldunon hizkuntza eskubideak aitortzea nahi badugu, beharrezkoa da euskara hizkuntza ofiziala izatea. Frantses hiztunei aitortzen zaizkien eskubide berak aitortu behar zaizkie euskaldunei. Edozein herritarrek eskubidea ukan behar du, adibidez administrazioan, baliatu nahi duen hizkuntza hautatzeko. Euskarak balio juridikoa behar du. Herriko Etxe batek eginkizun guztiak euskaraz egin ditzake, baina balioa duen bakarra frantsesez egindakoa da. Balioa izateko, euskarari legezko aitortza egin behar zaio.

Deitzaileen artean kolore guztietako politikariak daude: Brisson eta Maitia EEPko buru ohia eta gaur egungo presidentea, Georges Labazee Pirinio Atlantikoetako presidentea... Nola ulertu behar da manifestaziora deitzea eta ez egitea bat ofizialtasunaren eskariarekin?

Alderdi eta politikari guztiei eskatzen diegu sostengua. Guk argi plazaratu ditugu Deiadarreko aldarrikapenak. Normalean, manifestazioan egongo diren pertsonek bat egiten dute manifestazioa deitzeko hautatu diren lelo eta aldarrikapenekin. Sostengu anitz bada, eta ona da hori. Deiadar manifestazioa, ordea, ez da zerbaiten bukaera. Beraz, manifestaziora datozen arduradun politikoek lan egin beharko dute gero haien egituretan aldarrikapen hauek gauza daitezen. Ez da aski Deiadarrera etortzea. Manifestazio ondotik, bakoitzak bere engaiamenduak hartu behar ditu, dagoen egituretan lantzeko eta zabaltzeko.

Ipar Euskal Herriko alderdi gehienetako eragileak bat eginik eta lurralde historikoetako eragileak ere gauza bera. Frantziak jartzen duen traba urratzeko bide eraginkorra izango da?

Badakigu hizkuntza gutxituen gaiak zatiketa handiak eragiten dituela Frantziako alderdi politikoen barruan. Kolore politiko guztietako ordezkariek sostengua helarazi digute, beharbada batzuek beharturik eta bertze batzuek borondate osoz. Baina aitzinera egiteko oinarri garrantzitsua da. Deiadarrera joatea urrats adierazgarria da eta, lehen erran dudan bezala, geroan ere baliatuko dugu hori, oroitarazteko Deiadarrera joan baziren engaiamendu batzuk hartu zituztela. Gu Ipar Euskal Herrian borrokatzen garen bezala, bertze lurralde batzuetako jendeak ere haien hizkuntza eskubideen alde borrokatzen dira. Borroka horretan bat egiten dugu guztiek. Ofizialtasunaren aitortza edo hizkuntza legea Parisen egiten dira. Bretoiera, okzitaniera, katalana, korsikera edo euskara, denak pasatzen dira Paristik. Indarrak biltzen baditugu, eragin handiagoa ukanen dugu. Horregatik, garrantzitsua da jende anitz egotea larunbatean, Ipar Euskal Herrian eta gainerateko mobilizazioetan, ondoren presio lanarekin segitu ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.