Garzon: «Ahanzturaren kontra egin nuen, eta lasai daukat kontzientzia»

Garzonek esan du zilegitasuna zuelakoan hasi zuela ikerketa; akusazioak 20 urteko inhabilitazioa eskatu du

Erredakzioa
2012ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Azken hitza baliatuta, frankismoa ikertuta ondo jokatu zuela berretsi du Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak: «Kontzientzia lasai daukat, zuzenbideko erabaki egokiak hartu nituela uste dudalako eta ahanzturaren eta memoria faltaren kontra egin nuelako». Epaiketa amaituta, aldeek eutsi egin diete beren eskariei: akusazioak 20 urteko inhabilitazioa nahi du; defentsak eta fiskalak, absoluzioa.

Epaiaren zain geratu zen atzo Garzonen aurkako epaiketa Espainiako Auzitegi Gorenean; frankismoa ikertzen hasi zelako prebarikazioa egitea leporatu diote. Manos Limpias eta Libertad e Identidad ultraeskuineko taldeek jo dute epailearen aurka. Fiskaltzak, aldiz, prozesuaren hasieratik esan du Garzon errugabea dela, eta horri eutsi dio haren defentsak ere. 36ko gerran eta frankismoan senideak galdu zituztenen hainbat biktimak hitz egin dute epaiketan, tartean Nafarroako elkarteko presidenteak.

Garzonek nabarmendu du ikerketa hasi zuela sinetsirik horretarako zilegitasuna zuela: «Egintza kriminal masiboak izan ziren». Uste du delitua indarrean dagoela, frankismoan hildakoak non dauden oraindik argitzeko dagoelako.

Auzitegi Nazionalean auzia zabalik izan zen bi urteetan aurkakorik ez zela agertu gogoratu du, eta hartutako erabakiek alde guztien babesa izan zutela. Gero, ordea, auzitegiko salak erabaki zuen Garzonek ezin zuela ikertu auzi hura, ez zuela eskumenik. Erabaki hori onartu zuela esan du epaileak; lurralde auzitegien esku utzi zuen prozedura. Betiere «biktimak babesten» jardun zuela nabarmendu du Garzonek. Ezetz diote akusazioek, bazekiela legearen kontra ari zela baina, hala ere, ikertzen aritu zela.

Azken asteetan babes handia jasotzen ari da Garzon, eta atzo ere jendetza batu zen auzitegi atarian. NBE Nazio Batuen Erakundeko epaileen kontalariak «penagarritzat» jo du Garzon epaitzea frankismoa ikertzeagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.