Garzon, akusatuen aulkira

36ko gerran eta frankismoan desagertutakoen egoera argitzeko auzia abiatzean prebarikazioa egin izana leporatu dio Varela Espainiako Auzitegi Goreneko epaileak. Hamabi eta hogei urte arteko kargugabetze zigorra jaso dezake, eta baliteke orain behin-behinean postua utzi behar izatea.

2010eko apirilaren 7a
18:48
Entzun
Luciano Varela Espainiako Auzitegi Goreneko epaileak akusatuen aulkira eramango du Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epailea, 36ko gerran eta frankismoan desagertutakoen egoera argitzeko auzia abiatzean prebarikazioa egin izana egotzita. Ondorioz, ahozko epaiketari bide emango dio. Varelaren ustez, ikerketa hori hasi izana ez zen Garzonen eskumena eta honek jakin bazekien hori. Hamabi eta hogei urte arteko kargugabetze zigorra jaso dezake errudun jotzen badute.

Bitartean, baliteke behin-behinean epaile kargua utzi behar izatea. Bihar har dezake erabaki hori Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak (CGPJ).

Iazko irailaren 9an auzi beragatik ia lau orduz deklaratzen egon zen Garzon Gorenean, eta desagertutakoen auzia bere gain hartuta ez zuela deliturik egin adierazi zuen instrukzio epailearen aurrean, ez zuela prebarikatu.

2008ko urriaren 16an hartu zuen kasua Garzonek. 115.000 lagun bilatu eta identifikatzeko eskatu zuen, hemeretzi hobitan indusketak egiteko; tartean, Ezkabako gotorlekuan. Frankismoak gerra krimenak egin zituela esan zuen magistratuak, eta haien arduraduntzat jo zituen erregimeneko 35 goi kargu; besteak beste, Francisco Franco bera. Altxamendua ongi planifikatutako ekintza izan zela deliberatu zuen, eta Espainiako Errepublikako Gobernuko arduradunak desagerraraztea zuela helburu. Alabaina, krimenen arduradunak hilda daudenez, haien delituak iraungi direla zehaztu zuen.

Iazko maiatzaren 27an inputatu zuten, Manos Limpias taldeak jarritako kereila onartu egin zuelako Auzitegi Gorenak.

Horixe egotzita inputatu dute Auzitegi Nazionaleko epailea, Manos Limpias, Falange eta Libertad e Identidad elkarteen eskariz. Bi talde horiek kereilak aurkeztean argudiatu zutenez, biktimen auzia bere gain hartzeko eskumenik ez zuela jakin bazekien Garzonek, baina auzia abiatzea erabaki zuen.

Varelak Manos Limpias, Falange eta Libertad e Identidadi akusazio idatzia egiteko eskatu die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.