Politika

Garzonek 60.000 euroko bermepean libre utzi ditu Erauskin eta Berasategi EHAK-ko legebiltzarkide ohiak

Juan Carlos Ramos, Sonia Jacinto eta Jesus Mari Agirre ere hartu ditu gaur, ETA "talde terroristako" kide izatea egotzita. Epailearen arabera, 2005etik Batasunak "pixkanaka" EHAKren kontrol politikoa eta ekonomikoa hartu zuen.

2009ko irailaren 1a
17:00
Entzun
Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko Instrukzioko 5. Epaitegiko epaileak libre utzi ditu Nekane Erauskin eta Karmele Berasategi EHAK-ko eusko legebiltzarkide ohiak eta Juan Carlos Ramos, Sonia Jacinto eta Jesus Mari Agirre EHAK-ko kideak, baina Erauskini eta Berasategri 60.000na euroko bermea jarri die -bost eguneko epea dute ordaintzeko; bestela, kartzelara-.



Epaileak bostak auzipetu egin zituen uztailaren 17an, ETAko kide izatea egotzita, eta gaur hartu ditu auzitegian, Madrilen.

Vicente Gonzalez Mota eta Dolores Delgado fiskalek Erauskin eta Berasategi espetxean sartzeko eskatu dute. Gauza bera galdegin du Dignidad y Justicia elkarteak.



Hasiera batean abuztuaren 4rako deitu zituzten bostak baina, oporrak zirela-eta, gaur arte atzeratu zuen epaileak hitzordua.

Garzonen arabera, hasieran Euskal Herriko Alderdi Komunista (EHAK) Batasunetik kanpoko "egitura desberdindu" moduan aurkeztu zuten, baina 2005etik aurrera "Mahai Nazionaleko kideek instrumentalizatu" eta "irentsi" egin zuten haren jarduera.

Uztaileko autoak dio zantzuek egiaztatzen dutela Batasuneko arduradunek EHAKren eta ANVren lege babesa baliatu dutela alderdiotan "ardura organikoak" izateko, eta horien bidez, 837.000 euro eskuratu ahal izan dituztela bi alderdiok "erakunde demokratikoetan izan duten presentziari esker talde terroristaren sare politikoari eutsi ahal izateko". Zantzuen artean jaso dituzte AHTaren kontra agertzea eta bilerak egitea.

Garzonek gaineratu du "Batasuna-EKINen" irizpideei men egin dietela EHAK-ko ordezkariek, eta horren jakitun zirela. Gainera, Garzonen arabera, beste alderdietako kideei "presio eta mehatxu" egiteko estrategia garatu dute, "jazarpen kanpainen" bidez; hori argudiatzeko baliatu ditu elkarretaratzeak eta kartelak argitaratu eta banatzea eta "indarkeriazko ekintzekin amaitzen ziren manifestazio publikoak egitea".

EHAK, "ordezkoa"

Nahiz eta une batean Batasuna "ustez talde terrorista" gisa definitu, autoaren logika juridikoaren oinarria da "ETA-EKIN-KAS egitura terroristaren barruan" dagoela Batasuna, eta hori sistema judizialak frogatutzat eman duela. Garzonen hipotesia da jazarpen judizial eta polizialaren ondorioz, azken urteetan "egitura berriak" sortu direla, aurretik zeudenak legez kanporatuak izan ostean, horiek "ordezkatzeko". EHAK-k funtzio hori izan duela iritzi dio.

Autoaren arabera, "gaur egun" Batasunak "legezko alderdi politikoa izateko bokazioa erabat alboratu du", eta iraganean "EKINi zegokion funtzioa" hartu du. Behin su-etena amaituta eta "erakundeetan egoteko aukera oro agortuta", Batasunak EHAKren eta ANVren kontrola eta zuzendaritza "de facto" hartu dituela ondorioztatu du.

Autoan jasotakoaren arabera, 2007ko urriaren 4an Batasuneko Mahai Nazionaleko kideen aurka egindako operazioan atzemandako agirietan daude lotura hori frogatuko luketen zantzuak. Batasunak "ekonomikoki zein politikoki" ANV eta EHAK "kontrolatzea bilatzen" zuela eta horretarako "kutxa bakarreko sistema bat" osatu zela iritzi dio.

"Itxurazko langileak"

Garzonen arabera, EHAK-k Batasunako 39 kideri lana eman zien, "baina benetan ez zuten lan egiten ez EHAKrentzat ez ANVrentzat, Batasunarentzat baizik, eta, ondorioz. ETArentzat". Diru hori sare osoa finantzatzeko zela dio. Gainera, 837.000 euroko zifra aipatu du. Kontrol hori 2005ean hasi eta "pixkanaka-pixkanaka" garatu zela dio Garzonek. Urte hartan, Batasuna bera sortzeko prozesuaren gaineko balorazio bat du aipagai. Agirian jaso du batasun prozesua ez zela biribildu ezker abertzalea zatitu egin zelako AB eta Aralar atera ostean. "Hau da, 2005eko apirilean EHAK eta ANV Batasunaren barne korrontean zeudela ikusiak ziren", ondorioztatu du.

Argudio horri beste bat gaineratu dio: 2003tik 2005eko apirilera bitarteko hauteskundeetan "ez EHAK ez ANV" ez zirela saiatu ezker abertzalearen oinarriaren botoak bereganatzen.

Horrekin batera, 2005eko maiatzean EHAK-k bederatzi legebiltzarkide lortu ostean, bere lan eskemak eta konpromisoak Batasunarekin bat egiten dutela dio. Besteak beste, legebiltzar taldearen izena jartzerakoan Herri Batasunak erabilitako izendapen bera erabili zutela dio -Ezker Abertzalea-, edo Erauskinek Anoetako proposamenari bere babesa eman ziola. Era berean, 2006ko urriaren 17tik 2007ko irailera Mahai Nazionaleko kideak EHAK-ko ordezkariekin bost aldiz bildu zirela aipatu du.

Garzonek, bestalde, dio "Segik, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak eta ETA-Batasunak" abiadura handiko trenaren aurka egindako kanpainekin bat egin duela EHAK-k. Kanpaina hori ETAk azpiegituraren ondasunen aurka zein Inazio Uriaren aurka egindako atentatuen "osagarri" dela esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.