Atxiloketak

Garzonek baldintzapean libre utzi du Jonathan Guerra

Astean hiru aldiz auzitegira joan beharko du eta ezingo da Espainiako Estatutik irten. Igandean atxilotu zuten, Gasteizen, Ipar Katalunian hasitako operazioarekin lotuta.

2009ko apirilaren 24a
15:13
Entzun
Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak gaur arte luzatu zuen Jonathan Guerra Tejeroren atxiloaldia, eta libre uztea erabaki du. Baldintzapean geratu da, baina, aske Guerra: astean hiru bider auzitegira joan beharko du, ezingo da Espainiako Estatutik irten eta pasaportea kendu diote. Eskaera horixe egin du Juan Moral fiskalak.

Igande goizaldean atxilotu zuen Espainiako Poliziak, Gasteizen. Operazio berean atzeman zituzten beste zortzi euskal herritar, ETArekin zerikusia dutelakoan: Jurdan Martitegi, Alex Uriarte eta Gorka Azpitarte Ipar Katalunian (Montoriolen), Igor Garcia Otxoa Otxandion (Bizkaia), Asier Ortiz de Ginea eta Olaritz Arakama Gasteizen, Sergio Bravo Bilbon eta Gorka Iriarte Errenterian (Gipuzkoa).

Garzonek Arakama aske utzi zuen igandean, eta atzo kartzelara bidali zituen besteak. Laurence Le Vert Frantziako epaileak ere espetxera bidali zituen atzo Martitegi, Uriarte eta Azpitarte.



AAMk salatu du Martitegi, Uriarte eta Azpitarteren atxiloketan "bortizkeria handia" erabili zutela poliziek.



Ikerketaren iturriek diote Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian atxilotutako lagunek Uriarte buru zuen komando bat osatzen zutela. Ipar Katalunian atxilotuei dagokienez, Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroak adierazi du lehergai "pixka bat", hiru pistola, dokumentazioa eta material informatikoa harrapatu zietela.

Montorioleko operazioan aurkitutako dokumentazioan oinarrituta, Rubalcabak adierazi du ustezko komandoak Patxi Lopezen inbestiduratik hurbil egin nahi zuela atentatua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.