Politika

Garzonek Batasuna, EHAK eta ANVko 44 lagun auzipetu ditu, ETAko kide direla egotzita

Rufi Etxeberria, Joseba Permach, Juan Jose Petrikorena, Pernando Barrena, Xabi Larralde, Kepa Bereziartua eta Ino Galparsoro daude auzipetuen artean, besteak beste. Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak dio Batasunak EHAK eta ANV "erabili" egin dituela, "ETAk diseinaturiko delitu ekinbidea segitzeko". Apirilaren 13tik 20ra bitartean deklaratzeko deitu ditu.

2009ko martxoaren 23a
18:24
Entzun
Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Batasuna, EHAK eta EAE-ANV alderdi politikoetako 44 lagun auzipetu ditu gaur, ETAko kide direla leporatuta. 522 orrialdeko autoa atera du Garzonek eta, haren ustez, Batasunak EHAK eta ANV "erabili" egin ditu, "ETAk diseinaturiko delitu ekinbidea segitzeko". Bukatu du, horrenbestez, Batasuneko Mahai Nazional "berriari" eta beste bi alderdiei buruzko ikerketa.

Auzipetuen artean daude Rufi Etxeberria, Joseba Permach, Juan Jose Petrikorena, Pernando Barrena eta Xabi Larralde Batasuneko mahaikideak, Peio Galvez EHAK-ko Komunikazio taldeko kidea, Kepa Bereziartua ANVko presidentea edota Ino Galparsoro Arrasateko (Gipuzkoa) alkatea. Etxeberria, Permach, Petrikorena eta Barrena espetxean daude, Batasuneko mahaikideak izateagatik -lehen hirurak 2007ko urritik, Barrena 2008ko otsailetik-. Galvez ere kartzelan daukate, aurtengo otsailetik. Galparsoro ere sartu zuten espetxean, ANVren aritzeagatik; libre utzi zuten gero, kargupean.

44 kide haiek denak auzitegian hartuko ditu Garzonek apirilaren 13tik 20ra, deklaratzeko deitu dituelako. Jean Claude Agerre, Jose Manuel Jurado, Eusebio Lasa, Imanol Iparragirre eta Josetxo Ibazeta deitu ditu 13rako, goizeko hamarretarako.

Hiru alderdiak legez kanpo utziak ditu Espainiako Justiziak: Batasuna 2003an eta EHAK eta ANV 2008an -irailean-.

Orain dela urtebete ezker abertzaleko beste 41 lagun auzipetu zituen Garzonek herriko tabernen auzian, ETA finantzatzen dutelakoan. Haien artean, Arnaldo Otegi. Epaiketaren zain daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.