Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak kartzelara bidali du Juan Mari Olano Askatasunaren eleduna, ETA talde armatuko kide izatea eta Donostiako manifestazioan kale erasoak bultzatzeko delitua egitea leporatuta. Soto del Real (Espainia) kartzelara eraman dute. Goizean, Carlos Bautista fiskalak Olano baldintzarik gabe espetxeratzeko eskatu dio epaileari. Honek arratsaldean hartu du erabakia.
Olano Ertzaintzak atxilotu zuen igandean, Donostian, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak antolatu eta Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak debekatutako manifestazioan. Beste zortzi lagun ere atzeman zituzten ertzainek, eta horiek atzo arratsaldean baldintzapean libre gelditu ziren, Donostiako Instrukzio Epaitegira epailearen aurrera eramanak izan ondoren.
Olano ere aske geratu zen baina Garzonek Madrilera Auzitegi Nazionalera eramateko agindu zuen atzo bertan. Askatasuneko eleduna gaur goizean eraman dute hara, epaile haren aurrera, baina ez du deklaratu nahi izan. Igandera arte 60.000 euroko bermepean zegoen libre, epaiketaren zain, Amnistiaren Aldeko Batzordeak eta Askatasuna legez kanpoko erakundeetako kide izateagatik ETAko partaide delakoan.
Diligentzia berriak ireki dituzte Askatasunaren aktibitatearen inguruan eta 2006tik hainbat ikerketa egiten ari dira. Diligentzia horietan oinarritu dute gaurko erabakia.
Defentsak Olanoren askatasuna eskatu du. Auzitegi Nazionalak afera horrekiko “eskumenik ez” duela salatu dute Iñako Oioaga eta Ione Goirizelaia abokatuek, “kasua Donostiako Epaitegian dagoelako”. Gainera, defentsaren arabera, Askatasunaren sumarioa ez dago Garzonen esku, “eta, beraz, ezin du honi dagokion erabakirik hartu”.
Abokatuek esan dute “eskubide zibil eta politikoen ukazio larria” ematen dela kasu honetan.
Politika
Garzonek kartzelara bidali du Olano
Talde armatuko kide izatea eta Donostiako manifestazioan kale erasoak bultzatzeko delitua egitea leporatu dio epaileak Askatasunaren eledunari. Defentsak dio Auzitegi Nazionalak afera horrekiko "eskumenik ez" duela, “kasua Donostiako Epaitegian dagoelako”.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu