Javier Zaragoza Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak goizean egin dion eskaera bete du Baltasar Garzon epaileak: debekatu egin du bihar arratsaldean ezker abertzaleak Barakaldon (Bizkaia) BECen egin nahi zuen ekitaldi politiko erraldoia. Bertan Abertzale Sozialisten Batasuna (ASB) alderdi berria aurkeztuko dutelakoan dago (hiru lagunek asteazkenean eraman zituzten Barne Ministeriora estatutuak erregistratzera) eta ASB, Garzonen ustez, Batasuna legez kanpo alderdiaren "jarraipena izan daiteke". Espainiako Estatuko Segurtasun idazkaritzaren txostena aztertu duela dio autoan Garzonek, eta ekitaldia debekatzea erabaki duela.
Epaileak autoan dioenez, "ekitaldiko antolatzaileek ASBrekin harreman zuzenik edo zeharkakorik ez duela garbi justifikatu beharko lukete ez debekatzeko", eta, hark emandako zerrendaren arabera, 41 kidek auzitegira eta Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailera joan beharko lukete hori esatera.
Zaragozak goizean egindako eskaeran, bi alderdiek izenean antzekotasuna dutela uste du, antolaketan ere bai, eta "gutxienez Batasuneko Mahai Nazionaleko bi kide" izan direla ASBren sustatzaileak. Hala, "esan daiteke ekitaldia organikoa eta instituzionala" dela.
Eusko Jaurlaritzak, aldiz, Ertzaintzaren txosten batean oinarrituz, ez du uste BECekoak Batasunarekin zantzurik daukanik. Orain, baina, Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailari Garzonek debekuaren agindua bidali dio.
Ezker abertzaleak esan zuen maiatzeko udal eta foru hauteskundeetako programaren ardatzak azaltzeko baliatu nahi zuela ekitaldia, eta 15.000 lagun bildu gura zituela bertan.
Garzonen debekuaren gainetik, BECeko ekitaldira deitu ditu herritarrak ezker abertzaleak
BECeko biharko ekitaldia debekatu du Baltasar Garzonen epaileak, ASBren aurkezpena egiteko antolatutako ekitaldia dela iritzita. Javier Zaragoza fiskalak egindako eskaera aintzat hartu du Garzonek hala. Ezker abertzaleak, baina, bihar BECen egitekoa duten ekitaldirako deia egin du, Garzonen debekuak deialdiarekin zereikusirik ez duela-eta. Ekitaldian prozesu demokratikoa abian hartzeko duen borondate politikoaren berri eman asmo duela esan du ezker abertzaleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu