Errusiak gas hornidura moztu dakioke Ukrainari, eta mehatxua Europako Batasunaren aurkakoa ere bada. Izan ere, Errusiak Europari saltzen dion gasaren gehiengoa Ukrainatik pasatzen da.
Gunther Oettinger EBren Energia komisarioa, Aleksandr Novak Errusiako Energia ministroa eta Juri Prodan Ukrainako Energia ministroa Berlinen bilduko dira. Ukrainak Errusiari gasagatik zor dionaren zenbatekoa eta gasaren prezioa izango dira eztabaidagai nagusiak. EBk jakinarazi duenez, apiril eta maiatzean hornitutako gasaren prezioa eta ekainetik aurrera aplikatu beharreko prezioa dira lotzeko falta diren gaiak.
Maiatzaren 2an egin zuten hiru aldeek lehenengo bilera; hilabetea bukatu aurretik akordioren bat lortzea da Bruselaren helburua.