Gasteiz 'green' da; eta orain?

Gasteizen 'urte berdea' Gasteizko biztanleak haien hiriko ingurumenaz «harro» egoteko baliatu nahi du Marotok, baita hemengo politikak jakinarazi, horien bidez lana sortzen saiatu eta inbertsioak erakartzeko ere.

Andre Mari Zuriaren plazako eskulturak milaka turista erakarri ditu, baita zenbait eztabaida piztu ere. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2012ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Gasteiz 2012ko European Green Capital dela ez dakien gasteiztarrik eta bisitaririk ez dago. Urte eta erdi igaro da Europako Batzordeak aukeratu zuenetik, eta duela bi hilabete estreinatu du izendapena. Horren berri ematen duten kartelez josita dago hiria. Alaves eta Baskonia berdez jantzi dira. Andre Mari Zuriaren plazan eztabaidagai izan den goroldiozko eskultura batek izendapena gogorarazten du. Ordea, izendapenaren berri izan arren, askok galdera bera dute buruan. Zer esan nahi du Europako hiriburu berdea izateak?

Europako Batzordeak helburu jakin batekin sortu zuen saria: ingurumena eta bizi-kalitatea sustatzen duten hiriak saritzea eta horien garapen eredua hedatzen laguntzea. «Egindako lanari, egiten ari denari eta egingo denari emandako saria da», azaldu dio BERRIAri Javier Maroto Gasteizko alkateak. Gasteizen aurretik beste bi izan dira Europako hiriburu berde: 2010ean Stockholm (Suedia) eta 2011n Hanburgo (Alemania).

Gasteizko behar eta berezitasunetan oinarritutalandu ditu Gasteizko Udalak 2012rako lan ildoak. «Guztiok bat egiten dugun hiriaz harro» egotea, hori izendatu du Marotok lehen helburua. «Ezaugarri argirik ez izatea leporatu zaigu, eta orain ikusi dugu ingurumena dela ezaugarri hori». Hanburgoko hiriburu berdeko komunikazio bulegoak ere horixe nabarmendu du. «Haien hiriaz harro sentiaraztea herritarrei haien erantzukizunaz ohartarazteko bidea ere bada; diru franko bideratu genuen horretara». Stockholmen hiriburu berdea bilera eta hitzaldi aretoetan mantendu zen, hein handian, aditu eta politikarien artean.

Azala ala mamia?

Hiru hiriburu berdeetan eztabaida bera sortu da sariaren inguruan. «Marketin ikur bat baino ez dela leporatu ziguten zenbait elkartek, eta ezer hobetzen laguntzen ez zuela», gogorarazi du Hanburgoko komunikazio bulegoak. Gasteizen eztabaida bera sortu zen; batez ere, Andre Mari Zuriaren plazako eskulturaren harira: iraunkortasuna aldarrikatzeko Txiletik, arriskuan dagoen naturagune batetik, ekarritako goroldioa erabiltzea oso koherentea ez izatea leporatu diote.

Dena den, Gasteizko Udalak hiriburu berde izateko baliagarri izan zaizkion politikei heltzen die. Hain zuzen ere, politika horiek jakinaraztea da udalaren bigarren helburua. Hori lortzeko, Hanburgok Train of ideas (ideien trena) abiarazi zuen; Europatik mugitu zen sei bagoiko tren horretan Hanburgoko zein beste hainbat hiritako politika egokiak bildu eta jakinarazi zituzten.

Gasteizek ez du horrelakorik egin, baina Marotok gogorarazi du hiriburu berdea izateak eztabaida foroetan egoteko aukera ematen diola. «Hiriarekin eta ingurumenarekin lotutako eztabaidetan, Europako ministerio moduko bat bihurtu gara». Izaera hori Rio+20 Garapen Iraunkorrerako Nazio Batuen Konferentzian berretsiko da, Marotok aurreratu baitu Gasteiz mezua zehaztuko duen mahaian egongo dela.

Ordezkaritza horrek hirugarren helbururako ateak ere ireki dizkiola esan du Marotok: Gasteizko politikak esportatzea eta politikak abiarazten dituzten Gasteizko enpresen bidez lanpostuak sortzea. Marotok adibidetzat jarri ditu Garapen Iraunkorretako Iberoamerikako Topaketak. Gasteizko politiken berri eman ostean, Sao Pauloko (Brasil) alkateak zaborra kudeatzeko sistemari buruzko informazioa eskatu zion. «Gure politikak ezagutaraziz, beste hirietara hedatzeko aukera dute hemengo enpresek».

Babesle pribatuen itzala

Marotok zehaztutako azken helburua Inbertsioak erakartzea da, babesle pribatu eta laguntza publikoen bitartez. Orain arte 52 milioi euroko inbertsioa erakarri dutela adierazi du. Bultzada handia den arren, eztabaida iturri izan daiteke. Horren ondorioz, Hanburgoko egitasmoak zenbait arazo izan zituen aholku batzordeetako elkarte ekologistekin. Egoera kritikoena heldu zen Hanburgoko Udalak Siemens babesle bezala onartu zuenean. Industria nuklearrarekin lotura zuelakoan, Siemensek izendapena bere burua berdez janzteko baliatuko zuela salatu zuten.

Gasteiz hitzarmenak lortzeko bidean dago, eta zenbait enpresen izenak agertu dira dagoeneko: Heineken, kasurako. Oraingoz, Espainiako Gobernuak interes publiko berezitzat jo du, eta enpresa laguntzaileek 2012 eta 2014 artean hiriburuari emandako babes ekonomikoagatik kenkariak irabazteko aukera izango dute.

Izendapena indarrean dagoen urtean pilatuko dira ospakizun gehienak, baina aurrera begirako lanak ere uzten ditu. Hanburgoko Udalak, besteak beste, enpresei laguntza emateko doako zerbitzu bat izango du, baita zenbait plan ere: bizikleta, zaborra... Gasteizi hamar hilabete geratzen zaizkion arren 2012ko zalaparta berdea bukatu arte, Marotoren ustez, datozen hamar urteetarako agenda badago gaur egun.

Mugikortasun plana, barneko eraztun berdea... Egitasmo horien etorkizuna datozen urteetan udalera helduko diren agintarien ardura izango da. Marotoren ustez, ingurumena gasteiztarren nortasunaren parte denez gai horiekiko adostasuna izateko itxaropena du. «Europako Batzordeak asko baloratu zuen alderdi politikoen arteko batasuna gai honetan, eta, eztabaidak eztabaida, ondo irauten ari gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.