Gasteizen osasun arretarik ez duten 600 pertsona daudela salatu du Arabako SOS Arrazakeria elkarteak. Osasun txartelak egiteko izapideak hasi zituen erakunde horrek, berak bideratutako erroldekin. Ordea, eskaera horiek bertan behera utzi dizkietela jakinarazi du Arabako SOS Arrazakeriako bozeramaile Fede Garciak. Ondorioz, ehunka pertsona oinarrizko osasun arretarik gabe gelditu direla ohartarazi du.
Osasun txartela jaso ahal izateko, ezinbestekoa da erroldan izena emanda egotea. «Jose Angel Cuerda Gasteizko alkatea zen garaitik». Ordutik SOS Arrazakeriak bideratutako erroldak txartel horiek eskatzeko baliagarriak izan direla gogorarazi du Garciak. Iaztik, ordea, Osakidetzan irizpide aldaketa egon dela esan du: alegia, garai batean baliagarria zenak gaur egun ez du balio.
Bertan behera gelditu diren 600 osasun txartelen arazoa konpontze aldera Osakidetzako txartelen arduradunekin bildu zirela esan du Garciak. Txartela eskatu zuten horiei hiru hilabeterako behin-behineko txartela ematea hitzartu zutela esplikatu du Garciak, baina orain arte agindutako hori ez dela bete.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, kontrara, osasun arreta bermatuta dagoela azaldu du. Arabako SOS Arrazakeriak eskatuta, zehazki, lau behin-behineko osasun txartel eman dituela jakinarazi du. Txartel horiek hiru hilabeterako balioa dutela gogorarazi du, oinarrizko osasun arreta jasotzeko eskubidea baino ez dutela ematen, eta, jasotzeko, osasun etxeetan hiru agiri aurkeztu behar direla: nortasun agiria, eskatzaileak diru sarrerarik ez duela erakusten duen agindua eta erroldaren agiria.
Erditzear, eta azterketarik ez
Osasun arretarik ez duten zenbait pertsonaren kasuen berri eman du SOS Arabak. Najia Zagour gazteak, esaterako, bere testigantza eman zuen atzo prentsaren aurrean. Haurdun dago, eta datorren astean bertan erdituko dela iragarri zion medikuak azken azterketan. Ordea, azken azterketa hori duela bi hilabete izan zela jakinarazi du Zagourek, eta ordutik ez diotela ordurik eman.
Bestetik, iragan ekainetik txertoa jasotzeko zain dauden hiru adingaberen berri eman du Garciak. Adingabeen amek osasun txartela izan arren, adingabeek ez dutenez txertoa jartzeko zailtasunak jarri dizkietela azaldu du Garciak. SOS Arrazakeriak bideratu zituen 600 eskaera horiek Osakidetzara zuzenean igortzeko aukera aztertu du Garciak, eta hori ere aintzat hartzen ez badute auzitara joko dutela esan du.
Osakidetzaren irizpideen gogortzearekin lotutako salaketen hazkunderik ez dute sumatu, bestalde, Gipuzkoan eta Bizkaian SOS Arrazakeria elkarteek. Bide batez, ohartarazi dute ondorio txarrak izan ditzakeela Gasteizko 600 pertsona horiek lehen arretako zerbitzuetan ez artatzeak; pertsona horiek larrialdi zerbitzuetara jotzea ebatz dezakete, osasun zerbitzuak larrialdietan arreta ematera behartuta daudelako.
Txartelik gabekoak
Munduko Medikuak gobernuz kanpoko erakundeak azaldu du ez duela Gasteizen gertatutakoaren berri. Bide batez, gogorarazi du osasun txartelik ez duten pertsonek Bilboko Bailen kaleko zentrora joateko aukera dutela. Hain zuzen ere, bertan dago egoera horretan dauden pertsonei lehen arreta ematen dien EAEko osasun zentro bakarra, Munduko Medikuak GKEak kudeatzen duena.
Osakidetzaren irizpide aldaketa eta, oro har, «atzerriko etorkinen kriminalizazioa» salatzeko, manifestazio batera deitu du Garciak. Hil honen 29an Arabako pertsona guztiak mobilizazio horretan parte hartzera deitu ditu.Garciak uste du hainbat gizarte laguntza jaso ahal izateko erroldatze epea hiru urtera arte igotzea eta «gutxieneko iraupena» bermatzeko helburua duten laguntzak «xehetasun txikiengatik» ezeztatzea ez direla neurri baliagarriak. «Neurri horiekin ustez aurreztuko dutena baino garestiagoa izango da gizarte egoeran eragingo duten kaltea».
Iruzurraren aurkako borrokan erakunde publikoek aurrez egindako akatsak argudiotzat hartzea ere salatu du. «Etxebizitzarako laguntza eskatu ahal izateko beste laguntza batzuk eskatu behar zituztela esan zieten, eta orain administrazioak aholkatuta eskatutako laguntzak itzultzeko agindu diete, iruzurra delakoan». Ataka horretan dauden sendiak «ahal duten moduan» dirua itzultzeko prest daudela aitortu du Garciak, baina administrazio publikoak ere hutsa aitortu beharko lukeela dio.
Arabako SOS Arrazakeriaren lana zailtzeko saioa ere salatu du Garciak. Udalak aulkiak eta mahaiak uzten zizkion tabernari mahairik ez uztea galdegin diola esan du. Dioenez, SOSek «bulegoa» udaletxe ondoan ez jartzea da xedea. Baina ez doaz alde egitera: «Etorkinen arretan dagozkien ardurak betetzen dituztenean joango gara Plaza Berritik».
Gasteizen 600 etorkin osasun arretarik gabe daudela eta, kexua
Osasun txartelak izatea zaildu du Osakidetzak, Arabako SOS Arrazakeriaren ustez; kalera irtengo da 29an
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu