Gasteizko Julian de Arrese kalean bi emakumezko hil dituzte ostiral goizean. Ertzaintzako iturrietatik BERRIAk jakin duenez, emakume bat eta haren ama dira hildakoak, eta lehenaren bikotekidea da etxean itxi dena. Lehen informazioen arabera, gizonak labankadaz hil ditu bi andreak, eta etxeari su eman dio gero.
Etxean egon da denbora batez gizona, eta ondoren salto egin du leihotik. Suhiltzaileek jarria zeukaten koltxoneta baten gainera jausi da, eta zaurituta eraman dute. Indarkeria matxistaren hipotesia hartu dute poliziek, eta hori da ikerketa ardatz nagusia.
Leihotik bota den ustezko erasotzailea atera dute. Koltxoneta batera bota du bere burua. Anbulantzian daramate orain. @berriapic.twitter.com/1wp4XtbAX3
— Aitor Biain (@Aitorbi) 2018(e)ko apirilak 20
Gizonaren bikotekide ohiaren umeak eskolan zeuden, eta onik daudela baieztatu dute. Ertzaintzako iturrien arabera, gizonak ez zeukan indarkeria matxistarekin lotutako salaketarik.
Gasteizko Udalean udalbatzarra egiten ari ziren bitartean jakin dute hilketaren berri, eta, haren larritasunari erreparatuta, bertan behera utzi dute bilkura. Udalak elkarretaratzera deitu du 19:30erako. Emakundek bat egin du deialdiarekin, eta ehunka herritar elkartu dira bertan. Alderdi politikoek eta instituzioek aho batez salatu dituzte hilketak.
Mugimendu feministak, berriz, larunbatean egin du protesta: 18:00etan manifestazioa egingo dute, Andre Maria Zuriaren plazatik abiatuta.
Aski da!! Bihar 18:00 andra mari zuriaren enparantzan!! Denxk kalera!!! pic.twitter.com/yPp1YrSN1E
— Gasteizko Bilgune Feminista (@ArabakoBF) 2018(e)ko apirilak 20