Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak deituta, dozenaka lagun batu dira iluntzean Hegoaldeko hiriburuetan, aste honetan Gasteizen hilda agertu den emakumearen kasua salatzeko. Mundu Martxak garbi ikusi du gertaera horren atzean indarkeria matxistaren itzala.
Bikotekideak hil zuela baieztatzen bada, aurten genero indarkeriarekin lotutako urteko hirugarren kasua izango da Gasteizkoa. Lehena Andina Pereira de Brito izan zen, 35 urtekoa; martxoaren 17an hilotz agertu zen Mungian (Bizkaia), eta berehala atxilotu zuten haren bikotekide izandakoa. Ingurukoek azaldu zutenez, utzi berria zuten erlazioa, baina gizonak ez zuen onartzen. "Ez zuen bakean uzten".
Bigarrena irailaren 13an izan zen. Angelun (Lapurdi) labankadaka hilik aurkitu zituzten emazte bat eta gizon bat: erizain laguntzaile bat eta 80 urteko gizon bat. Azken horri biloba bat —elbarria— bisitan joana zitzaion, eta haren zaintzailea zen hildako andrea. Handik bi egunera hilotz agertu zen emaztearen bikotekide ohia, bere buruaz beste eginda, eta Baionako prokuradore Samuel Vuelta Simonek onartu zuen genero indarkeria zela lehen hipotesia. Lehendik ere salaketa bat jarria zuen emazteak gizonaren kontra: tratu txarrak ematen zizkiola zioen. Oso isilik joan zen kasu hura; ia oharkabe.
Aurreko urteetan ere urtero izan dira genero indarkeriaren ondoriozko biktimak. Iaz, esaterako, lau andrazko hil zituzten. Amagoia Elezkano senarrak hil zuen: labankadaka. Maureen Oda Otuya eta Jenny Sofia del Rio Bilboko gimnasio bateko jabeak hil zituen ustez. Gasteizen, berriz, andre-gizon batzuen hilotzak aztertzen jakin zen gizonak emaztea hil zuela, eta gero bere burua hil zuela. 2012an, oraindik balantze beltzagoa: sei hildako.