EAEko PPk ezusteko gutxi eman du urriaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako hiru lurraldeetako zerrendaburuak aukeratzeko orduan. Alderdiko idazkari nagusi Iñaki Oiartzabal izango da Arabako zerrendaburua; Antonio Basagoiti alderdiko presidente eta Eusko Jaurlaritzarako lehendakarigaia, Bizkaikoa; eta Arantza Quiroga egungo legebiltzarreko lehendakaria, Gipuzkoakoa.
Ezustekoa, ordea, Arabako zerrendako bigarren lekuak eman du, Gasteizko alkate Javier Maroto izango baita. «Jaurlaritzak, historian, Gasteiz gutxietsi izan du; horri aurre egitera noa legebiltzarrera», esan zuen, atzo, Marotok. Gaineratu zuen bere ideiei eutsiko diela, «siglen gainetik», betiere jarrera horrek «Gasteizi mesede egiten badio».
Legebiltzarkide hautatzen badute, bere helburua ez da izango «euskal politika» egitea, Arabako hiriburuaren «interesak» defendatzea baizik. Alkateak esan du, legebiltzarkide bada, uko egingo diola karguari dagokion soldatari.
Berria jakin bezain laster, UPDk gogor ekin dio Marotoren hautagaitzaren aurka. Gorka Maneiro UPDko Eusko Jaurlaritzarako lehendakarigaiaren arabera, herritarrei «iseka egitea» da kargu publikoak metatzea. Horregatik, legea aldatzeko eskatu du, alkate, zinegotzi edo juntakideak legebiltzarkide ere izateko aukera debekatzeko.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpainaurrea
Gasteizko alkatea PPren bigarrena izango da Arabako zerrendetan
Oiartzabal, Basagoiti eta Quiroga izango dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zerrendaburuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu