ENTZIERROA

Gasteizko gaztea sedatuta dago, eta arnasa hartzeko makina bati lotua

Medikuak itxaropentsu agertu diren arren, ezin dute aurreratu zer gertatuko zaion. Erietxeratutako 23 pertsonetatik 16ri senda-agiria eman diete. Segurtasun Batzordeak egindako presakako bileran, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilari Morrasek esan du "arrazoi batzuk batu direlako" gertatu dela jende pilaketa. Bideoa: pilaketa, plaza ataritik bertatik grabatuta. [YouTube]https://www.youtube.com/watch?v=NKsiJ1mVvqA[/YouTube]

2013ko uztailaren 13a
02:02
Entzun

Zezen plazako sarrerako ateetako batek plazarako sarbidea oztopatu du, horra Morrasek aipatutako "arrazoi pilaketa" horien arteko bat. Entzierroko korrikalarien "masifikazioa", beste bat. "Guztiz irekita" egon behar lukeen atearekin topo egin dute korrikalariek: batzuek aurrera egitea lortu dute, irekita zegoen atetik, baina besteak lurrera erori eta atzetik korrika zetozenak haien gainera erori dira. Zezenak plazara iritsi baino lehenago gertatu da hori: azpi-azpian zegoen jendea oxigenorik gabe, eta gainean zeudenak kosta ala kosta handik atera nahian.

Zezenak iritsi direnean ere hor pilatu dira guztiak. Entzierroa hasi denean plazaren sarrerako bi ateak irekita zeudela baieztatu du Morrasek: "Baina bada pertsona bakar batek kontrolatzen duen arteka txiki bat, eta hortik azken polizia lerroa, foruzainak, sartzen da azken momentuan". Hamasei poliziako lerroa bitan banandu eta sarreraren albo banatan dauden ateetatik sartzen dira. Lehenengo korrikalariak, "normalean oinez joaten direnak", ate horietako baten kontra joan dira, guztiz itxiz, eta "ezinezkoa" zen hori berriz irekitzea.

Bertan lanean aritu direnek hartutako erabakiak "positiboak" izan direla adierazi du Morrasek, zezenak "plazaren bazterretatik" bideratu dituztelako eta horien bidez sartu baitira plazaren erdigunera. "Zoritxarrez, larri edo oso larri dauden zaurituak izan dira, baina ez da tragediarik izan". Hamarkadatan eraginkorra izan den funtzionamendua, baina, gaur "ez da baliogarria izan": "Funtzionatzeko modua aztertu beharko da, sakon, halako gertaera gehiago pasa ez daitezen".

Biharko entzierroari dagokionez, "plazara sartzeko denborak aurreratu" egingo dituztela adierazi du Morrasek, eta plazan zezenen etorreraren ikusleei haiek "ez zentsutzeko" eta "errespetatzeko" deia egin du.

Guztira, 23 pertsona eraman dituzte ospitalera, eta horietatik 16ri dagoeneko eman diote alta.

Zauritu larriak

Guztira, zazpi pertsona daude erietxeraturik gaurko entzierroaren ondorioz. Horietatik bostek traumatismoak dituzte, eta beste bi adarkatuak izan dira. Zauriturik larriena Gasteizko gazte bat da, giza tapoiak harrapatu duena: traumatismo toraziko larria du, itomen sindromearekin. Sedaturik daukate, eta arnasa hartzeko makina bati lotuta dago.

Adarkatuei dagokienez, bata Estafeta kalean izan da, ipurmasailean jaso du adarkada, eta beste korrikalari batek, Azpeitiakoak, besapean jaso du. Azken hori zezen plazako erizaintzan egin diote ebakuntza, eta haren egoera larria da. Ikusleen artean, pertsona batek bihotzekoa izan du.

Erietxeraturik jarraitzen duten beste hiru korrikalarien egoera ez da hain larria. Horien artean, bizkaitar bat dago.

Zazpigarrena, entzierro tragikoa 

Lau minutu eta hamabost segundo iraun ditu gaurko entzierroak. Hiru multzotan egin dute zezenek ibilbidea, eta eroriko ugari izan dira. Gaurko entzierroa tragikoa izan da, batez ere amaieran, zezen plazako sarreran desegitea kosta den giza tapoia dela eta. San Ferminen historian, 22 aldiz sortu dira halako giza-tapoiak zezen plazaren sarreran: gaurkoa, 23.na izan da.

Batera hasi badira ere, sakabanatu samar egin dute zezenek entzierroaren ibilbidearen gehiengoa. Fuente Ymbroko zezenek entzierro azkarra eta garbia egitea espero zen, aurreko San Ferminetan egin izan dituzten entzierroengatik.
Atzoko adarkatuen oroitzapena gogoan, gaurko entzierroan zauritu larririk gabe bukatzea espero zen entzierroa guztiz itxura aldatu da. Zezen eta joaldunak ez dira izan protagonista, ordea. Zezenak plazara iristen ari zirela, korrikalari batzuk erori dira plazako sarreran, eta atzetik zetorren jendea ere gainera erori da. Horrek multzo handi bat sortu du, eta korrikalari asko geratu dira azpian harrapatuta. Azkenean, plazako korridoretik eraman dituzte zezenak zezendegira. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.