Ehunka lagunek babestu zituzten maiatzaren 17an eta 18an Igarki Robles, Aiala Zaldibar eta Ibon Esteban Gasteizko Andre Mari Zuriaren plazan, Espainiako Auzitegi Nazionalak Segi-ko kideak izatea egotzi eta espetxe zigorra eman ostean. Ertzaintzak desegin zuen giza hesia, eta 70 lagun zauritu ziren.
Plaza husteko lanean Ertzaintzak izandako jokabidea salatu du Gasteizko Plataforma Feministak. Jakinarazi duenez, hainbat adierazpen sexista egin zizkieten ertzain ugarik hesia osatzen zuten zenbait emakumeri; tartean, "Ez bazara altxatzen, puta batek bezala oihukatuko duzu", "orain ez zara hain ausarta, lizun hori" "ezker abertzalea loditxoa dago, ezta?" edota "zu nor zara, gudari baten puta?".
Aitortu dute zaila dela eraso horiek epaitegian frogatzea, baina erantzukizunak eskatu dituzte. Halaber, Emakunderi galdetu diote ea eraso horien inguruan esatekorik baduen.
EH Bilduren "hauteskunde ekitaldia"
Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak, berriz, polizien jarduna defendatu du. Ertzaintzak "bere zeregina bete" zuela esan du, eta herri harresia EH Bilduren "liturgia" gisa deskribatu du.