Gasteizko iparraldea erdialdearekin lotuko duen tranbiaren lehen erraila jarri dute

Abuztuan hasi ziren obrak Lakua eta Erdialdea adarrak eraikitzeko; 2008. urtean abian jarriko da tranbia

2006ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Gasteizko Y-aren obraren lehen erraila bere tokian da. Abuztuan hasi ziren hiriko tranbia eraikitzeko lanak, eta azken hileotan kale nagusiak hankaz gora jarri dituzte langileek, batez ere hiriko erdialdean eta Lakua auzoan. Izan ere, tranbiak izango dituen hiru adarretatik Erdialdea eta Lakua deitutakoak aspaldi esleitu zituzten. Aldiz, Abetxuko herrira doan adarra esleitzeko tramiteak atzeratu egin dira, Gasteizko Udalak erabaki behar baitu tranbiak herria zeharkatzen duen edo, auzokideek eskatzen duten moduan, herriko sarreran geratzen den.

Abetxukon sorturiko azken orduko arazoaz aparte, obrak bide onetik doazela ziurtatu zuten, atzo goizean, Eusko Jaurlaritzako Herri Lan eta Garraio Sailaren, Arabako Foru Aldundiaren, Gasteizko Udalaren eta Eusko Trenbide Sarea (ETS) enpresaren eledun nagusiek. Guztiek parte hartu zuten lehen erraila jartzeko ekitaldian, Landaberde kalean, alegia hemendik bi urtera tranbiaren kotxerak kokatuko diren tokian.

Gasteizen inoiz egin den obrarik garestiena hiru instituzioren artean ordainduko dute. Obra zibilak 66 milioiko kostua izanen du. Eusko Jaurlaritzak 43 miloi ordainduko ditu, eta gainerako 23 milioiak Foru Aldundiaren eta Udalaren artean banatuko dituzte. Bestetik, ETSk tranbiaren garajeak eraikiko ditu, eta zortzi bagoi erosiko ditu. Orotara, 33,2 miloi jarriko ditu.

ARGITU BEHARREKOAK. Atzoko ekitaldian, Jaurlaritzaren Garraio eta Herri Lan sailburu Nuria Lopez de Gereñuk azaldu zuenez, 2008. urtearen amaieran tranbia abian izatea espero dute. Helburua lortzeko, baina, aurretik bi arazo konpondu beharko dituzte instituzioek. Batetik, aipaturiko Abetxuko adarraren ibilbideari buruzko behin betiko erabakia hartu behar du Gasteizko Udalak, obrak esleitu ahal izateko. Bestetik, Erdialdeko adarra bigarren fase batean unibertsitate campusarekin lotzeko aukera aztertu beharko dute instituzioek, eta otsaila arte dute erabakia hartzeko.

Hala ere, obrak aurrera doazela nabarmendu zuen Lopez de Gereñuk, eta instituzioen arteko elkarlana ezinbestekoa izan dela adierazi zuen. «Egitasmoa abiatzeko instituzioen arteko elkarlanak oso ondo funtzionatu du, eta behin tranbia abian jarrita, elkarlana ere posible izango da», esan zuen Lopez de Gereñuk. Hitz horiekin bat egin zuen Gasteizko alkate Alfonso Alonsok, eta tranbiaren obra hiriarentzat lorpen handia izango dela esan zuen, «Lakua auzoa hirian integratzeko balioko du tranbiak».Ildo berean, Arabako ahaldun nagusi Ramon Rabanerak azaldu zuen tranbia abian jartzeko egitasmoak frogatu duela instituzioen arteko kolaborazioak emaitza onak ematen dituela, eta Arabako Foru Aldundiaren ahalegin ekonomikoa nabarmendu zuen.

Bestetik, hiriko garraioan tranbiak izanen duen eragin positiboa azpimarratu zuten Lopez de Gereñuk eta Alonsok, eta garapen iraunkorraren bidean urrats garrantzitsua dela esan zuten biek.

«Lakua hirian integratzeko balio izango du tranbiak, eta garapen iraunkorrean urrats handia da»

alfonso alonsogasteizko alkatea«Arabako Foru Aldundiak egin duen ahalegin ekonomikoa emaitza onak ematen ari da»

ramon rabaneraarabako ahaldun nagusia«Tranbiaren egitasmoa abiatzeko instituzioen arteko elkarlanak ondo funtzionatu du»

nuria lopez de gereñueae-ko garraio eta herri lansailburua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.