Haserrea adierazi dute milaka herritarrek Gasteizko kaleetan, hiriko jaietan izan den sexu erasoa dela eta. Adingabe batek salatu du Gasteizko Florida parkean eraso egin diotela bart gauean. Ertzaintzak mutil adingabe bat atxilotu du eguerdian, erasotzaileetako bat delakoan. Zenbait iturriren arabera, beste adingabe bat ere identifikatu du Poliziak.
Halako jokabiderik ez dutela onartuko adierazi dute mobilizaziora deitu duen Gasteizko mugimendu feministak. Ohartarazi dutenez, jaiak oraindik ere ez dira "guztiontzako gozatzeko leku bat", eta egoerari aurre egiteko beharra nabarmendu dute.
Manifestazioak 19:30ean abiatu da hiriko txosnagunetik. Gasteizko erdiguneko kaleak zeharkatu ditu, eta Andre Maria Zuriaren plazaraino iritsi da. Bertan, elkarretaratzea egin dute.
Gorka Urtaran alkateak eman du erasoaren berri. "Onartezina da, XXI. mendean, emakumeen aurkako erasoak salatu behar izatea edozein herrialde edo hiritan", salatu du Urtaranek. Udalak martxan jarri du sexu erasoen aurkako protokoloa. Horrez gain, elkarretaratzera deitu du biharko, 13:00etan, Andre Maria Zuriaren plazan.
Gainera, udalak dei egin die blusen eta nesken kuadrillei bost minutuko etena egiteko zezen plazara egiten duten bidean. Gauerdian, taberna eta festa guneetan musika hamabost minututuz eteteko ere eskatu du udalak bart gertatutako erasoa salatzeko.
Joan den igande goizaldean, bestalde, beste gizonezko bat atxilotu zuen udaltzaingoak, bi emakumeri ukituak egitea egotzita.
Donostian, beste atxilotu bat
Donostian ere gizonezko bat atxilotu dute, sexu abusua leporatuta. Emakume batek salatu duenez, gizonezkoak ukituak egin zizkion Parte Zaharreko kale batean, 04:00ak aldera. Erasoa Bretxa merkatutik gertu izan da.
Emakumea bikotekidearekin kaletik zihoala, gizonezko bat gerturatu eta ukituak egiten hasi zaio. Haren bikotekideak aurre egin dio, eta orduan piztu den liskarrera batu dira erasotzailearen hainbat lagun. Liskarrak iraun bitartean, emakumeak ukituak jasan ditu.
Emakumeak eta haren bikotekideak ihes egin dute, eta etxeko atarian babestu. Erasotzaileak eta haren lagunek atariraino jarraitu diete, eta haietako batek kolpeka hautsi du atariko kristaletako bat. Orduantxe azaldu da Ertzaintza.
Handik gutxira, bi gizonezko atzeman ditu Ertzaintzak Sarriegi plazan. Haietako bat, 35 urteko gizonezko bat, atxilotu egin du, sexu abusua leporatuta; besteari, 48 urteko gizonezko bati, ikerketa ireki diote salatzailearen etxeko atarian kalteak eragiteagatik.