jaiak

Gasteizko jaietako txupinazoa euskara irakasten eta hedatzen lan egiten dutenek botako dute

Joseba Aginagalde, Mailu Lasarte, Katixa Agirre eta Iñaki Tena proposatu dituzte aurtengo. Gorka Urtaran EAJko bozeramaileak nabarmendu du Andre Mari Zuriaren jaietan euskara protagonista izatea nahi dutela. "Gure artean dugun altxor handia da", esan du.

2012ko ekainaren 4a
17:55
Entzun

Gasteizko Udaleko EAJren udal taldeak gaur jakinarazi duenez, "euskara irakasten eta hedatzen" lan egiten duten lau lagun aukeratu dituzte aurten Andre Mari Zuriaren jaietako txupinazoa botatzeko. 

Joseba Aginagalde Arabako Ikastolen Elkarteko zuzendariak, Mailu Lasarte Gasteizko IKAko arduradunak, Katixa Agirre idazle eta gidoilariak eta Iñaki Tena bertsolariak botako dute txupinazoa. Gorka Urtaran EAJko bozeramaileak lau horiek "euskararekiko duten konpromisoa" azpimarratu du gaur goizean Gasteizen egindako agerraldian.

"Lau izen horiek egunero banaka gure hizkuntza hedatzeko ahalegina egiten duten erakunde, elkarte eta pertsonak sinbolizatzen dituzte. Jaso dezaten hemendik gure onespena, eta eskerrik asko euren ardurarengatik", esan du Urtaranek.

Euskararen protagonismoa, ordea, ez dute soilik txupinazoaren unera mugatu nahi. “Datorren abuztuaren 4an eta, ahal izanez gero, jai guztietan, euskara protagonista izan dadila nahi dugu. Gure artean dugun altxor handia da", gaineratu du.

Horrekin batera, azken hogei urteetan euskararen "ezagutza maila handitu" egin dela azpimarratu du: "Egindako lanak fruituak eman ditu, eta euskaldunen kopurua gaur egun duela hogei urte baino bost aldiz handiagoa da, Gasteizen lehen 11.000 lagun baitziren, eta egun, berriz, 55.000". 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.