Gasteizko kanpo kontsulta berriak, hiru urte barru prest

Arabako Unibertsitate Ospitaleak espezialitate berriak eskainiko ditu, eta Santiago ospitaleko zati bat desagertuko da

Erredakzioa
Gasteiz
2010eko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Arabako Unibertsitate Ospitaleak Arabako osasun zerbitzu gehienak eskainiko ditu. 2013ko udazkenean irekiko ditu ateak ospitale horretako kanpo kontsultetarako eraikinak. Lakuan (Gasteiz) egingo dute, Txagorritxu ospitalearen inguruan. Santiago ospitalearen parte bat, gainera, desagertu egingo da. Zutik geratuko den hori gaixo kronikoak artatzeko erabiliko dute.

Lau eraikin berri eraikiko dira Txagorritxuren inguruan: zerbitzuak eta administrazioa, ama-haurrentzako zentroa, BioAraba osasun ikerketarako zentroa eta kanpo kontsultetarako eraikina. Azken horren proiektua atzo bertan aurkeztu zuten, eta maiatzean hasiko dituzte lanak.

Gaur egun Txagorritxu eta Santiago ospitaleek eskaintzen duten zerbitzua bat eginda eskainiko du Arabako Unibertsitate Ospitaleak. Rafael Bengoa osasun sailburuaren esanetan, bategite horrek izapideak eta kudeaketa erraztuko ditu. Egun Gasteizen eskaintzen diren ohiko espezialitateak ez ezik, berriak ere eskainiko dira: laguntza bidezko ugalketa, genetika eta kirurgia plastikoa, besteak beste.

Bengoak emandako datuen arabera, urtean 460.000 hitzordu medikori erantzungo die kanpo kontsultetarako eraikin berriak. Alegia, iaz baino 85.000 gutxiagori. Izan ere, osasun sailburuaren ustez, ospitaleetara joango diren gaixoen kopurua gutxituz joango da apurka-apurka, telemedikuntzari eta antzeko aurrerapen teknologikoei esker.

Ordainpeko aparkalekua

Eraikin horrek 20.500 metro koadroko azalera izango du. Horietatik 16.380 izango dira erabilgarriak. Osakidetzak egindako aurreikuspenen arabera, 2013ko urrian edo azaroan gaixoak artatzen hasteko prest egongo da. Lan horiek egiteko 33,7 milioi euro erabiliko ditu Osasun sailak.

Eraikina Txagorritxurekin nola lotuko den erabaki gabe dago: lurpetik edo aireko pasabide batekin. Ondoan aparkaleku bat eraikiko dute, eta ordainpekoa izango den aztertzen ari dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.