Gasteizko suhiltzaileek batzar bat egin dute gaur goizean, eta ohar bat kaleratu dute, herri harresiaren harira suhiltzaileei gertatu zaiena argitzeko. Oharrean diotenez, herenegun haien lana "egoki" bete zuten, eta ez dago arrazoirik inor zigortzeko.
Gasteizko Udaltzaingoak hainbat suhiltzaile identifikatu egin zituen, Andre Mari Zuriaren plazan dagoen monumentutik eskegita zeuden pankartak kentzeari uko egiteagatik. Suhiltzaileek adierazi dute udaltzainek mehatxu egin zietela, gainera, ohartaraziz txostenak zabalduko zitzaizkiela.
Oharrean azaltzen dutenez, bi zeregin eman zizkieten herenegun Andre Mari Zuriaren plazan; batetik, pankarta batzuk kentzea, eta bestetik, elkarren artean zeuden pertsona batzuk banatzea: "Une hartan lanean ari zirenek ondorioztatu zuten ez bat ez bestea ez zela suhiltzaileen zeregina, beraz, ez zuten egin agindutakoa". Suhiltzaileen arabera, ez zegoen inolako arriskurik eragiten pertsona edo ondasunekiko, eta, beraz, ez ziren haien eginbeharra. "Larrialdi egoerei buruzko legedian argi jasotzen da zein diren gure zereginak".