GIZARTEA

Gasteizko Udalaren ustezko iruzurra ikertzen ari da epaitegi bat

Epaitegia aztertzen ari da udalak prebarikazio delitua egin edo diru publikoa bidegabe erabili ote zuen, zaborra biltzeko bi kamioiren erosketan. 660.000 euro ordaindu zituen —BEZa aparte—. Javier Maroto zen alkate orduan.

Javier Maroto PPko Gizarte Politiketarako idazkariordea, Gasteizko alkate zela, agerraldi batean. /. ADRIAN RUIZ DE HIERRO, EFE
2017ko abenduaren 5a
15:54
Entzun

Epaitegia ikertzen ari den erosketa 2005an egin zuen Gasteizko Udalak, Javier Maroto PPko Gizarte Politiketarako idazkariordea hiriko alkate zenean. Une horretan luzatuta zegoen udalak FCC enpresarekin zuen garbiketa kontratua. Dirudienez, Marotoren udal gobernuak bi kamioiengatik ordaindu zuen kopurua beste udal batzuk ordaindu zutena baino altuagoa da.

Arabako Fiskaltzak aurkeztu duen salaketa batek abiatu du epaitegiaren ikerketa. Fiskaltzak herritar anonimo baten salaketa jaso zuen aurretik, eta hura aintzat hartzea erabaki du. Hala ere, Josu Izagirre Arabako fiskal nagusiak adierazi du oraindik fase goiztiarrean dela ikerketa, oinarri nahikorik duen ala ez argitzeko.

Zabor bilketarako bi kamioien erosketa aurretik ere ikertua izan da. Espainiako Kontu Epaitegiak nabarmendu zuen udalak FCC enpresarekin zuen kontratua luzatu zuela, enpresak hitzartutako zenbait lan bete gabe utzi zituen arren. Lan horiek 820.846 euroko balioa zutela zehaztu zuten udal teknikariek.

Ikerketa hari erantzunez, Marotok dokumentazioa bidali zuen Espainiako Kontu Auzitegira, bete gabeko lanik ez zela defendatzeko. Jose Angel Serrano Ruiz fiskalak eta Marotoren esanak berretsi zituen, eta ziurtatu zuen "irregularitateak" zuzendu zirela.. Fiskalaren argudioekin bat egin zuen Espainiako Kontu Auzitegiak ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.