Atzo Donostian onartu bezala, Gasteizeko Udalean aste honetan Guardia Zibilak egin duen operazioaren kontrako mozioa onartu dute. Kasu horretan, PSEren abstentzioarekin atera da aurrera. EAJ eta Bilduko ordezkariek alde bozkatu dute, eta PP izana da, Donostian bezala, kontra bozkatu duen bakarra.
PSE-EEko bozeramaile Idoia Mendiak ez du babestu atzo alderdi horretako Donostiako udal taldeak Bildurekin eta EAJrekin adostutako adierazpena. Donostiako Udalaren bozeramaileen batzordeak aste honetako atxiloketak gaitzetsi zituen atzoko bileran, Bildu, EAJ eta PSE-EEren botoekin. Onartutako testuan diote Guardia Zibilaren operazioa oztopo dela gaur egungo testuinguru politikoan, bai eta bakea eta bizikidetza demokratikoa ezartzeko prozesua irmotuko delako itxaropenean ere.
"Hori ez da PSE-EEren jarrera politikoa", zehaztu du Mendiak: "Hori Donostiako Udalaren jarrera da". Azaldu du "demokratek batuta" egon behar dutela, eta "arduraz eta irizpide argiekin" lan egin. PSE-EEk ebazpen judizialak errespetatzen dituela esan du Mendiak, eta espero du ikerketak ondorioztatzea EPPKren mintzaideen kontrako operazioa "erabat justifikatuta" egon zela.