POLITIKA

Gasteizko Udalean gobernu koalizioa egitea hitzartu dute EAJk eta PSEk

Akordioaren arabera, Lopez de Munain alkateordea izango da, eta PSEren esku geratuko dira gizarte politika eta herritarren segurtasuna. "Udal gobernua anitza bada, udal gobernu hobea izango da", azpimarratu du Urtaranek.

EAJ eta PSEko ordezkariak, akordioaren berri ematen. @PNVGASTEIZ
2016ko maiatzaren 23a
07:39
Entzun

Agerraldia egin dute udaletxean Jose Antonio Suso EAJko Arabako buruak, Cristina Gonzalez PSE-EEko idazkari nagusiak, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak eta Peio Lopez de Munain Gasteizko Udaleko PSE-EEko bozeramaileak.

Urtaran “pozik” agertu da bi alderdiek lortu duten itunarekin eta “Gasteizentzat oso berri ona” dela ziurtatu du. Alkateak garrantzia eman dio gobernua anitzagoa izateari, Gasteizko errealitate politikoa hobe islatuko duela adierazi du. Desberdintasunen gainetik, ordea, EAJk eta PSEk “hiri eredu bera” dute, Urtaranen hitzetan. PSErekin akordioa sinatu izanagatik, gobernu berriak gainontzeko alderdiekin adostasunak bilatzeko “jarrera irekia” izango du.

Lopez de Muniainek ere akordioaren garrantzia nabarmendu du, gobernu “sendoagoa” izango delako. Azaldu duenez, iazko irailean EAJk eta PSEk sinatu zuten gobernagarritasun akordioa hartuko dute oinarri, gobernuaren jarduna zehazteko.

Gobernu banaketan, PSEren esku geldituko dira ondorengo sailak: Kultura, Hezkuntza eta Kirola; Gizarte Politikak eta Osasun Publikoa; Partaidetza eta Gizarte Etxeak, eta Segurtasuna eta Udal Administrazioa. EAJren ardurapean izango dira, berriz, Alkatetza (barnean hartzen ditu elkarbizitza, gardentasun, gaztedi, berdintasun eta euskara zerbitzuak), Ogasuna, Funtzio Publikoa, Enplegua eta Ekonomia Garapena, eta Hirigintza eta Ingurumena.

Gobernuak bi alkateorde izango ditu. Pello Lopez de Munian izango da lehena, eta bigarrena Itziar Gonzalo EAJko egungo alkateordea.

Iazko udal eta foru hauteskundeen ondoren, koalizio gobernuak osatu zituzten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundi nahiz hiriburuetako erakunde gehienetan. Hala egitekoak ziren Gasteizen ere, baina Andoainen EAJko zinegotzi batek ez zuen PSE-EEko alkategaia babestu, eta EH Bildurentzat izan zen alkatetza. Horren kontra, PSE-EEk ez zuen Gorka Urtaran babestu.

Bost zinegotzi ditu EAJk Gasteizko Udalean, eta horiek osatu dute orain arte udal gobernua. Asteak zeramatzaten bi taldeek negoziatzen, eta PSE-EEko lau zinegotziak sartuko dira orain udal gobernuan. Guztira, 27 ordezkari ditu Gasteizko Udalak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.