Derry (Irlanda), 1972ko urtarrilaren 30a. Gasteiz, 1976ko martxoaren 3a. Egun biek tarte berezi dute Irlandako eta Euskal Herriko oroimen kolektiboan, eta biek ala biek egia, justizia eta erreparazioaren bila urteetako borroka daramatzate. Halaxe azpimarratu zuten atzo, Gasteizen, martxoaren 3ko biktimen elkarteko kideek eta Bloody Sunday-ko ordezkariek. Martxoaren 3ko gertakarien 35. urtemugaren harira antolatutako hitzaldian, Derryko eta Gasteizko sarraskien biktimen borroka nekaezinaren antzekotasun eta desberdintasunak agerian utzi zituzten batzuek eta besteek.
Ignacio Aldekoa kultur etxeko aretoa lepo bete zuten Bloody Sunday-Martxoak 3. Egia eta Justizia lelopean antolatutako hitzaldia entzutera joandakoek. Irlanda eta Euskal Herriko eskubide zibil eta politikoen inguruan aritu ziren Antonhy Doherty eta Tony Gillespie Bloody Sunday-ko gertakarien biktimen ordezkariak, Andoni Txasko martxoaren 3ko biktimen elkarteko eleduna, Gotzon Garmendia Lau Haizetara Gogoan elkarteko kidea eta Jone Goirizelaia abokatua.
Derryko eta Gasteizko gertakarien arteko antzekotasunak nabarmenduta hasi zuen hitzaldia Txaskok. Bi herrietan Poliziaren errepresioa «aldez aurretik antolatuta» egon zela eta gertakari horien inguruan ondoren egindako bertsioa «gezurretan» oinarrituta egon dela salatu zuen. Urte hauetan guztietan bai Derryn bai Gasteizen egia, justizia eta ordainaren alde egindako borroka etengabea izan dela azpimarratu zuen, halaber. Ordea, Euskal Herriko kasuan ez bezala, Bloody Sunday-ko biktimei barkamena eskatu berri die David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak, sarraskiari buruzko txostena aurkeztu eta gero. Txaskoren ustez, Erresuma Batuko gobernuarengandik ikasi beharko luke Espainiakoak. Bitartean borrokari eutsiko diotela azaldu zuen: «Estatuaren zigorgabetasunaren kontra borrokatzen jarraituko dugu, baita terrorismoaren biktimatzat hartzen gaituzten arte».
Derryko biktimekin gertatu bezala, Gasteizko biktimekin ere «justizia» egingo den esperantza duela esan zuenGillespiek. Bloody Sunday-kobiktimen senideen ordezkariak Derryko gertakarien azalpen xehea egin zien hitzaldira bildutakoei. Urteetan, sarraski haren bertsioa «desitxuratua» eman dela eta errugabeak erruduntzat jo dituztela azaldu zuen.
Bloody Sunday-ko biktimek egia eta justiziaren alde egindako borroka latzaren ostean, Londreseko gobernuak gertakari haien inguruan ikerketa sakona egingo zuela agindu zuen 1998an. «Inoiz ez bezalako erabakia izan zen hura», azpimarratu zuen. Erresuma Batuko soldaduek manifestariei tiro egin izana «bidegabea» izan zela onartu du Cameronek, eta hori «ona» dela uste duGillespiek, nahiz eta txostenean hilketen erantzukizunak ez diren zuritu. Justizia egin dela eta Derryko biktimentzat eta herritar guztientzat azkenik «eguzki izpiak» agertu direla azpimarratu zuen.
Egiaren Batzordea
Gotzon Garmendiak, Lau Haizetara Gogoan elkartekoak, Espainiako Estatuaren «zigorgabetasuna» salatu zuen. Amnistiaren Legea, lehenik, eta Memoriaren Legea, gerora, zigorgabetasunari eusteko tresnak izan direla adierazi zuen. Hala, haren hitzetan, ezinbestekoa da Euskal Herrian Egiaren Batzordea sortzea, 1936tik gaur arte Estatuak egindako «krimenak» argitu eta erantzukizunak zuritu daitezen.
Ildo beretik jarraituta, Jone Goirizelaia abokatuak Euskal Herriak dituen eskubide zibil eta politikoen urraketen berri eman zuen. Besteren artean, salatu zuen inkomunikazioarekin torturatzeko aukera ematen dela eta Alderdien Legearekin joera politiko zehatzak debekatzen direla. «Euskal Herrian, iritzi politiko jakin batzuen aurkako sorgin ehiza dago», gaineratu zuen.
Gasteiztik Derryko ispiluari so
Martxoaren 3ko gertakarien 35. urtemuga dela eta, Irlandako 'Bloody Sunday'-ko biktimen esperientziak entzuteko aukera egon da Gasteizen, hitzaldi batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu