BILBOKO ASTE NAGUSIA

Gastronomia eta musika eguneko protagonistak

Bilboko konpartsen Sukaldaritza Lehiaketako egitarauaren barruan, haurrentzako ikastaroak antolatu dituzte gaurko. Eguna Public Enemy taldeak itxiko du Karolako gunean eskainiko duen kontzertuarekin.

2012ko abuztuaren 20a
12:26
Entzun

Bilboko Aste Nagusiak hirugarren eguna du gaur. Jaiek ez dute astegunen hizkera ulertzen, eta horregatik, astelehena izanagatik ez dago asteburuko zama eta ajeentzako tokirik. Txistulariek esnatu dute hiria txupina bota eta diana joaz, 10:00etan. Nagiak kendu, eta hamaikak geroztik kalejira eta buruhandiak dauzka nahi dituenak.

Jarraian, haurrak bihurtuko dira goizeko protagonista; puzgarriak, rokodromoa edota eskulanak egiteko aukera izango dute Areatzako gune desberdinetan. Baina gastronomia izango da bereziki aipagarria, izan ere, Bilboko konpartsek urteroko Sukaldaritza Lehiaketa abiatzeko 60 bat haurrentzako sukaldaritza ikastaroa antolatu du Areatzan bertan. Harrobia landuko dute, sukaldaritzako lehen ezagutzak helarazi, eta bide batez, etorkizuneko lehiaketetako parte hartzaileak hezten joateko. 

Egun guztian zehar izango dira umeentzako jolasak. Bestalde, 13:00etan, Peio Ormazabal, Oihana Bartra, Jone Uria eta Eneko Abasolo bertsolariak kantuan ibiliko dira Santiago Plazan. Bazkaldu, eta arratsalderako, herri-antzerkia edota Areatzako kaiko kukaña daude antolatuta. Eta nola ez, musika emanaldiak. Bilborocken Penadas por la ley eta Shiroback punk/rock taldeek kontzertua eskainiko dute 20:00etan. Ordu berean, Kaskagorri konpartsan Ze Esatek! taldea ariko da. Eta, eguna amaitzeko, Public Enemy rapero estatubatuarrak jardungo dira Karolako gunean (24:00).

Aurrez baina, erromeriak, jolasak edota su artifizialak izango dira —gaur, Privatex pyro eslovakiarrenak—.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.