politika

Gatazka gainditzeko oinarriak ezartzea da lehentasuna Otegirentzat

Batasuneko bozeramaile Arnaldo Otegiren iritzian, hauteskundeen ostean ireki den aro berrian elkarren kontra egoteko jarrerak gainditu egin behar dira, horrela ezin delako "herri hau eraiki". Normalizazio prozesua irekitzea da Otegirentzat lehentasuna, eta beraz, beretzat ez da lehentasuna Eusko Jaurlaritza berria nola osatzen den. "Prozesu horretako oinarriak ezartzeko denen artean akordioa da lehentasuna". Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan egin ditu adierazpenok.

2005eko apirilaren 20a
10:47
Entzun
Esan duenez, badirudi denak konturatu direla "herri plural honetan gatazkaren desmilitarizazioa lortzeko eta denen artean lortutako akordioa plural eta demokratikoa lortzeko" eseri eta hitz egin beharra dagoela, eta hori gustura hartu dute. Batasunaren iritzian, horretarako bidea zera da, Orain herria, Orain bakea ekarpena, eta Nazio eztabaidagunea. Hala ere, ez daudela itxita azpimarratu du Otegik. Hori bai, akordio horren oinarriak ezarri egin behar direla dio, Batasunaren irudiko "Euskal Herriaren nazio izaera onartzea, eta euskal herritar orok erabakitzeko eskubidea duela onartzea".

Horregatik, esan du, orain abiatuko diren elkarrizketak aprobetxatu egin behar direla gatazka nola gainditu daitekeen hitz egiteko. "Garrantzitsuena ez da nork gobernatuko duen, baizik eta zertarako gobernatuko duen".

"Herri hau ezin da eraiki batzuek besteen kontra jarrita, baina herri honek, etorkizuna eraikitzeko oinarri finkoak ezarri behar ditu. Hauteskundeak 200 aldiz errepikatu daitezke, eta batzuek besteek baino indar gehiago izango dute. Jakina da hauteskunde hauetan galtzaile handiak izan direla, eta beste batzuk nolabaiteko garaipen politikoa izan dugula. Baina, hori ez da garrantzitsuena. Ezker abertzalearen iritzian. hemen marko politiko berri bat ireki behar da, hauteskundeak irabazten dituztenentzat, eta baita galtzen dituztenentzat ere".

EHAK ez dela Batasunaren ordezkoa azpimarrtu du Otegik, izan ere, bere irudiko "Batasunak Eusko Legebiltzarrean egoteko eskubidea du". Eusko Legebiltzarra "antidemokratikoa" dela esan du, eta azpimarratu duenez, ez da demokratikoa izango Batasuna han egon arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.