'Bateragune auzia'

Gatazka gainditzeko sortu diren aukerak ez zapuzteko eskatu dio Arantza Zulueta abokatuak epaimahaiari

'Bateragune' zuzendaritza bat zela eta "estrategia politiko-militarra unean uneko egoerara egokitzea" zuela helburu esan du fiskalak. Zabaletarentzat bederatzi urteko zigorra eskatu du, eta Jacinto eta Rodriguezentzat, zortzikoa. Fiskalak ez du zigorrik eskatu Moreno, Esnal eta Serrarentzat. Arantza Zulueta abokatuak Euskal Herrian ziklo politiko berri baterako sortu diren aukerak ez zapuzteko eskatu dio epaimahaiari. Zulueta eta Larrarte abokatuek absoluzioa eskatu dute. Herri akusazioak hamalu urteko espetxe zigorra eskatu du auzipetu bakoitzarentzat. ETAko kide izatea egotzi die guztiei, eta buruzagi gisa aritzea.

2011ko uztailaren 6a
17:12
Entzun

Gaur goizean izan da Bateragune auziko azken aurreko saioa, eta Arantza Zulueta eta Aiert Larrarte abokatuek absoluzioa eskatu dute auzipetuentzat. Amaia Esnal eta Mañel Serra auzipetuen abokatuak dira, hurrenez hurren, eta Zuluetak epaimahaiari "gatazka gainditzeko sortu diren aukerak ez zapuzteko" eskatu dio. Beste auzipetuen defentsek bihar azalduko dituzte euren ondorioak, eta epaiketa epaiaren zain geratuko da.

Akusazioek gaur eman dituzte ondorioak. Auzitegi Nazionaleko fiskalak Arnaldo Otegi eta Rafa Diezentzat hamar urteko espetxe zigorra eskatu du, bi horiek Bateragunen "funtzio erabakigarria" zutelakoan"; horregatik ETAko buruzagitzat jo ditu. Miren Zabaletarentzat bederatzi urteko kartzela zigorra eskatu du eta Sonia Jacintorentzat eta Arkaitz Rodriguezentzat, zortzikoa. Txelui Moreno, Amaia Esnal eta Mañen Serra auzipetuentzat, eta absoluzioa eskatu du.

Asociacion de Victimas del Terrorismo Esperanza Verde herri akusazioak hamalu urteko espetxe zigorra auzipetu bakoitzarentzat. ETAko kide izatea egotzi die guztiei, eta buruzagi gisa aritzea.

"Bateraguna izeneko zezendaritza taldea"

Zigor eskaerak egiterakoan, Vicente Gonzalez Mota fiskalak esan du "Bateragune izeneko zuzendaritza talde bat" zegoela garbi dagoela, eta horren helburu bakarra "estrategia politiko-militarra unean une egoerara egokitzea" zela, eta "estrategiaren norabide aldaketaren gakoa" Auzitegi Gorenak agindutako legez kanporatzeak izan zirela. "Ez dago inolako agiririk ETArik gabeko proiektu bat zela dioenik", adierazi du.

Fiskalaren hitzetan Otegik eta Diezek ezker abertzaleak hasi duen bidea bultzatu izanak frogatzen du errudunak direla. Fiskalak adierazi du, gainera, Otegik eta Diezek ez diotela muzin egin ETAren helburu edo bideei. "Defentsak ezin izan du frogatu auzipetuek ETAgandik aparte aritu direnik edo ETAren jarduna gaitzetsi dutenik", esan du Gonzalez Motak. "Inork ez du eskatu bonbak desagertzea edo biolentzia bertan behera geratzea".

Esnal, Serra eta Moreno zigortzeko argudiorik gabe

Poliziak atzoko saioan aitortu zuen ez dagoela oinarririk Esnal eta Serra zigortzeko, eta horiekin batera, Moreno zigortzeko argudiorik gabe geratu zen. Bateragune auzian akusazioaren muina landu duen poliziak akusazio horiek egiteko erabili dituen argudio gehienak gainbehera nola erortzen ziren ikusi zuen atzo, akusatuen abokatuen galderei ezin erantzun ibili zenean. Kasu batzuetan, zalantzarik gabeko baieztapenak egitera ere iritsi zen, defentsari arrazoi emanez.

Amaia Esnal eta Mañel Serraren kasuan, ez dagoela auzi horretan akusatuta izateko arrazoirik aitortu zuen; horien aurka egiteko arrazoirik ez dagoela. Akusazioak Bateraguneko kidetzat dituenak LABen Donostiako egoitzan biltzen zirela dio poliziak, bilerak sekula ikusi ez dituzten arren. Hori oinarri hartuta, egoitza horretara joaten zirenak susmagarritzat zituen. Polizien hitzetan, egoitzara "modu jarraituan" joatea izan da akusazioak egiteko oinarrietako bat.

Prentsaurreko batean egotea, nahikoa froga ez

2009 hartan, lau hilabetean birritan joan zen Esnal LABen egoitzara. "Horri modu jarraitua esan ahal zaio?", galdegin zion bere defentsan ari den Arantza Zuluetak poliziari. "Ez, ez", aitortu zuen poliziak. Esnal atxilotu eta etxea miatu ziotenean ere ez zuten auziarekin loturarik duen txostenik aurkitu. Bere aurka egiteko poliziak duen "froga" bakarra 2009ko martxoaren 16ko prentsaurrekoan egon izana da. "Hori ez da nahikoa, ez", aitortu zuen poliziak.

Antzekoa da Serraren kasua. Garai hartan lan kontuengatik behin baino gehiagotan LABen egoitzara joan izana da haren aurka egiteko oinarri bakarra. "Ezin da esan Bateragunekoa denik, ez", aitortu du kasu horretan ere. Txelui Morenoren aurkako "froga" bakarrak prentsaurreko batean parte hartu izana, LABen egoitzara behin joan izana eta Miren Zabaletarekin telefonoz hitz egin izana da. Polizia akusazioari eustearen alde dago, ordea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.