"Gatazka politikoa konpontzeko oinarriak jarriko dituen akordioak oso zeharkakoa izan behar du; hau da, abertzaleak eta abertzale ez direnak bildu behar ditu. Izan ere, konponbideen bilaketari buruz ari gara, ez gure jarrera politikoetan aurrera egiteko indar politiko batzuen arteko aliantzaz", esan du Barrenak ETB2ko 'El Punto' saioan, alderdien mahaira iristeko aldez aurretik abertzaleen arteko akordioa behar den galdetu diotenean. "Konponbidea bilatzeko dinamika ikuspegi oso batetik erama behar da aurrera, eta gure herriko tradizio politiko guztiak izan behar ditu kontuan. Horretan ez dut zalantzarik", erantsi du.
Nolanahi ere, argi du konponbidea Euskal Herrian hitzartu behar dela, eta Madrilekin eta Parisekin Euskal Herriko eragileen artean iritsitako akordioen aplikazioa baino ez dela negoziatu behar. "Normalizazio politikoko eszenatoki bat gidatzeko joko arauak herri honetako eragile sozial eta alderdi politikoek hitzartu behar ditugu. Madrilekin eta Parisekin, berriz, akordio horien aplikazioa baino ez litzateke negoziatu behar. Espainiako Gobernuak badu ordezkaritza komunitate honetan, eta PSEren bidez gauza ditzake bere interesak mahai horretan".
ETAk menia emateko aukerari dagokiola, su-etena "bake eta konponbide prozesu bat tinkotzeko" urrats handia litzatekeela iritzi dio, baina eragile guztiek konpromisoak hartu arte ez dela halakorik gertatuko nabarmendu du. "Albiste hori albiste handia litzateke, batik bat, esan nahiko lukeelako baldintza objektiboak daudela erabaki hori hartzeko", azpimarratu du.
Baketzea
Gatazka konpontzeko akordioak abertzale ez direnak aintzat hartu behar dituela adierazi du Barrenak
Pernando Barrena Batasuneko buruzagiaren ustez, gatazak politikoa konpontzeko hitzarmenak "oso zeharkakoa" izan behar du: hau da, abertzaleek ez ezik, abertzale ez direnek ere akordio horrekin bat egitea ezinbesteko ikusten du. Ildo horretatik, konponbidea soil-soilik Euskal Herriko alderdi politikoak eta gizarte eragileak bilduko dituen mahaitik etorriko dela iritzi dio. Era berean, ETAren menia prozesu horretan urrats handia litzatekeela esan du, batik bat, prozesuaren "baldintza objektiboak" jarrita leudekeela esan nahiko lukeelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu