Euskal gatazka

Gatazkaren inguruan egon den "begirada murriztailea" salatu du Emagune gogoeta taldeak

Bi urte luzeko eztabaida prozesutik ateratako ondorioak jaso ditu topaguneak dokumentu batean, 'euskal gatazka' deiturikoari ikuspuntu feminista txertatuz.

Egungo egoeraz eztabaidan aritu ziren joan den ostiralean Emaguneko partaideak. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS
gotzon hermosilla
2016ko urriaren 3a
07:45
Entzun

Bi urteko eztabaida eta gogoeta prozesu baten ondorioa da Emagune. EHUk sorturiko Ehugune programari esker abiatu zen eztabaida prozesua, eta horretan EHUri lotutako emakumeak, gizarte mugimenduetan aritutakoak —bereziki, bakeari eta elkarbizitzari lotutako elkarte eta erakundeetakoak— eta mugimendu feministako kideak aritu dira, batez ere.

Agiri bat ere egin dute, gogoetan prozesu horren ondorioak ezagutzera emateko. Agirian azaltzen dute euskal gatazka deiturikoaren inguruan “begirada murriztailea” egon dela, eta horren erabateko nagusitasunak “gizartean sustraituta eta egituratuta dauden beste gatazka eta desberdintasun sozial batzuen garrantzia ezkutatu eta desitxuratu” egin duela. Horien artean genero desberdintasuna aipatzen dute, “emakumeen aurkako bereizkeriazko eta indarkeriazko jokabideetan” oinarritzen dena.

Euskal gatazka politikoari dagokionez, horren inguruan dagoen sentsibilitate, bizipen eta pentsamoldeen aniztasuna aitortzetik abiatzen dira Emaguneren agiria sinatzen duten emakumeek, eta “kontakizunen ugaritasun eta baliokidetasuna” ona dela diote. Baina badago denek partekatzen duten oinarririk: “Aldaketarako gogoa, aurrera egiteko indarra eta bestearen sufrimenduarekin enpatizatzeari aitortzen diogun garrantzia”, alegia.

Kritiko mintzatzen dira ETAren jardueraz, eta nabarmentzen dute horren aurreko jarrerak —“pertsonalak eta sozialak”, zehazten dutenez— aldatzen joan direla denborak aurrera egin ahala: “ETAren logika militar eta bertikalari buruzko kontzientzia eta desadostasun gero eta handiagoa” aipatzen dute, bai eta “defentsaren ideia borroka armatuaren justifikazio gisa zalantzan jartzea” eta “borroka armatuak zilegitasuna galtzea”.

Baina “estatuaren indarkeria” ere aipatzen dute, “ETAren aurretik eta ondoren ere errealitate bat izan dena”, eta nabarmentzen dute gizartearen zati handi batek “hamarkadak” daramatzala indarkeria mota hori nozitzen, gizartearen beste parte bat “horretatik guztiz aparte” bizi izan den arren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.