EPAIKETAK

Gatazkaren konponbidean atzerapausoak ematea egotzi diote Espainiari

Datozen egunetan abiatuko dituzten epaiketetako auzipetuei babesa adierazteko ekimen ugari aurkeztu dituzte Gasteizen eta Donostian. Inputatuek lan politikoa eta kulturala egin zutela nabarmendu dute. Bestalde, igandean Iruñean izango dela iragarri du ezkutuan den Luis Goñik (bideoa).

Zapi handi bat eskegi dute Gazteluko plazan. ATEAK IREKI
2013ko urriaren 9a
18:48
Entzun

Donostian eta Gasteizen egin dituzte agerraldiak. Gipuzkoako hiriburuan, Ane Sarriegi 23/2011 auzian inputatuak eta Agus Rodriguez 35/02 sumarioan auzipetuak —Herriko tabernetakoa— hartu dute hitza. Salatu dute prozedura judizialek "sufrimendua" eragin dutela, epaituak izan gabe ere "handia" izan delako auzipetuetako batzuek jasandako zigorra. Aipatu dute batzuek zazpi urtetik gora egin dituztela espetxean eta beste batzuk torturatu egin dituztela, besteak beste.

"Ezin dugu ulertu zergatik jarraitzen duten tematurik errepresioaren bidean. Euskal Herrian gatazkaren konponbidearen alde hainbeste urrats egin ditugunean, atzerapausoak besterik ez dizkio eskaintzen Espainiako Estatuak Euskal Herriari", salatu dute.

Herritarrei dei egin diete hainbat ekimenekin bat egitera. Urriaren 11ko 09:00etan, elkarretaratzea egingo dute Donostiako auzitegiaren aurrean. Urriaren 19an, berriz, "herri harresiak" antolatu dituzte 12:00etarako auzoz auzo, eta 13:00etan ekitaldi bat egingo dute Gros auzoan. Hilaren 26rako Bilbon antolatu duten manifestazio nazionalera joateko deia ere egin dute.

Manifestazioa Gasteizen

Auzipetuetako hamar Gasteizkoak dira, eta Arabako hiriburuan babesa adierazi diete horiei. Antton Morcillo, Aitor Liguerzana, Bittor González, Goizane Pinedo, Ion Anda, Jagoba Apaolaza, Jon Liguerzana, Nestor Silva, Unai Ruiz eta Zumai Olalde dira.

Gasteizko Harresia deitu diote auzipetuei elkartasuna adierazteko ekimenari, eta "kriminalizazio politikak eta ilegalizazioak baztertzen dituzten pertsona guztien konpromisoa eta elkartasuna sustatu, batu eta koordinatzeko" sortu dute.

Prestatu dituzten mobilizazioen berri eman dute. "Asteburu laranja" egingo dute hilaren 12-13an, eta Iruñean iganderako deitu duten manifestazioarekin bat egiteko eskatu dute. Halaber, manifestaldi bat egingo dute astelehenean, hilak 14, 19:00etan, Babesgabeen plazatik abiatuta.

Goñi, Iruñean

Bestalde, Luis Goñi ezkutuan den Barañaingo gazteak iragarri du datorren igandean Iruñean izango dela. Ateak Ireki atariak argitaratutako bideo batean dioenez, ez du manifestazioan parte hartuko. "Ezkutatzearekin lortu nahi genuen helburua argia zen: auzipetuen eta gure egoera zehatza azaleratu eta baldintzak sortu bidegabekeriei herri bezala erantzun ahal izateko", esan du. Golem aretoetatik abiatuko da manifestazioa, 12:00etan.

[Youtube]http://youtu.be/14mFAFhWpmA[/Youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.