KONPONBIDEARI BEGIRA

Gatazkaren konponbidearen aldeko ordezkaritza bat Parisera joango da astelehenean

Instituzioetako arduradunekin bilkurak lotu dituzte, eta agerraldia eginen dute Frantziako Asanblean. Euskal presoen egoera lehenbailehen mugiaraztea da helburu nagusia.

Ekhi Erremundegi Beloki.
2017ko uztailaren 7a
08:56
Entzun

Ipar Euskal Herriko hautetsiz eta erakundeetako buruz osatutako ordezkaritza bat Parisen izanen da astelehenean, gatazkaren konponbideari begira Frantziako Gobernuari urratsak egin ditzala eskatzeko. Ordezkaritzan izanen dira Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko presidentea eta Michel Veunac presidenteordea, Vincent Bru, Florence Lasserre eta Jean Lassalle Ipar Euskal Herriko diputatuak, eta Jean Jacques Lasserre eta Frederique Espagnac senatariak. Horiekin batera, eragileen ordezkariak, juristak eta hautetsi gehiago ere izanen dira. Helburua: Frantziako Gobernuak gatazkaren konponbidearen aldeko seinale argi bat eman dezan lortzea. "Gobernuak erran behar digu zein den egiten diogun eskaeraren erantzuna", adierazi du Etxegaraik.

Egun osorako hitzordu andana lotu dituzte Parisen: besteak beste, CNCDH Giza Eskubideen Frantziako Aholku Batzordearekin —lehen ministroari lotutako erakundea da—, Jacques Toubon arartekoarekin eta Adeline Hazan Frantziako Presondegien ikuskatzailearekin. Halaber, Frantziako Asanbleako talde parlamentario guziekin ere elkartu nahiko lukete. Astebetean lotu dituzte hitzordu guziak, eta oraindik ez dituzte talde politiko guzien erantzunak jaso, Anaiz Funosas Bake Bideako presidenteak azaldu duenez. Guziekin biltzea espero dute, eta astelehenean berean prentsaurrekoa eginen dute Frantziako Asanblean bertan.

Egoera berria

Azken hilabeteetako gertakariek "goi mailan" eragin dutela baieztatu du Mixel Berhokoirigoin bakegileak. "Armagabetzea ez zuten oztopatu; jarrera bakoirra izan zuten gauzatu zedin. Ondoren ere izan dira seinaleak: Oier Gomezen askatzearentzat erabili duten argumentazioa, adibidez". Gehiagorik ez dute zehaztu nahi izan. Orain, bakea "errazteko", armagabetzean izan zuten jarrera "baikorra" izateko eskatzen diote Frantziako Gobernuari. "Parisera goaz gobernuari errateko bidea elkarrekin egin dezakegula. Seinale bat behar dugu, orain arte lortutakoa ontzat ematen duena", azaldu du Funosasek. Presoen gaian "berehalako" neurriak nahi dituzte.

Horretarako, Euskal Herria boz bakarrez mintzo dela erakutsi nahi dute Parisen. Hori izanen da ordezkaritzaren helburuetako bat. "Euskal Elkargoan erabakiak hartu ditugu, eta hartuko ditugu gehiago, erakusteko denen izenean mintzo garela", adierazi du Etxegaraik. Justizia ministro berriari gutun bat idatzi berri dio, eta bere arabera "irakurri du". Presoen egoera lehenbailehen konpondu behar dela azpimarratu du berak ere: "Eskandalu bat da presoak ez hurbiltzea; ez du ezerk justifikatzen".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.