Lazkaoko (Gipuzkoa) Gerriko elkarteak gatazkaren konponbidearen inguruko hainbat hitzaldi antolatu ditu, Euskal Herria bizi da! izenburupean. Bihar ekingo diote solasaldi sortari: Karlos Ioldi euskal preso ohi eta Harrera-ko lehendakariordea ariko da estreinakoan. ETAk armak utzi ditu. Bakean gaude? du izenburu mintzaldiak, eta 18:30ean hasiko da, Lazkaoko Gerriko Txokoan.
Era askotako hizlariak izango dira hitzaldietan, eta gai ezberdinak izango dituzte hizpide. Otsailaren 27an, bihar zortzi, Aitziber Blanco Lokarriko bozeramaileak herri mugimenduek bake prozesuan duten zereginaz jardungo du. Martxoaren 6an, berriz, Jose Maria Setien teologo, jurista eta Gipuzkoako gotzain ohiak Bakea, justizia eta egia izeneko hitzaldia emango du.
Pako Aristi idazlearen txanda izango da apirilaren 10ean. Independentzia, ondorengoei utzi behar geniekeen herentzia izango du mintzagai. Independentziaz ariko dira Esti Mujika eta Garbiñe Bueno Independentistak sareko kideak ere, apirilaren 17an. Euskal Herriaren independentzia, abiapuntu eta helburu du izenburu haien solasaldiak.
Hitzaldi sortari amaiera emango diote Maixabel Lasa Juan Mari Jauregi zenaren alargunak eta Pili Zabala Joxi Zabala zenaren arrebak, apirilaren 24an. Biktimen gaia jorratuko dute, Biktimen (sa)mina, bizi berri baten sormina? solasaldian. Lazkaoko Gerriko Txokoan egingo dituzte hitzaldi guztiak, 18:30-20:00 bitartean.